Otsaila 2021
Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Azaro Fundazioak martxan duten TALENTATU egitasmoraren baitan ekitza berri bat abiarazi da bi eskualdeetako ikastetxe eta ikasleekin elkarlanean.
Otsailaren 11n ospatu zen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna eta Martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko, Lea-Artibai eta Busturialdeako DBH2ko ikasleei elkarrizketa-bideo dibertigarriak egiteko erronka proposatu zaie. Elkarrizketatuak, zientzia eta teknologiaren munduekin erlazionatutako emakumeak izango dira eta galdera-erantzun laburretan oinarritutako elkarrizketak egitea da helburua.
TALENTATU proiektua
Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Azaro Fundazioarekin elkarlanean, 2018an abiarazi zuen proiektua da TALENTATU eta bere helburua talentua sortu, mantendu eta erakartzea da.
Etorkizunari begira, eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian txertatuz.
Ikasmaila bakoitzari eta egoera berriari egokitutako hainbat ekintza lantzen dira, STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, zientzia eta teknologiarako zaletasuna piztu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria-sarea nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz. Ekintza horien bitartez, hain beharrezkoak diren zeharkako gaitasunak garatzen dituzte.
Ekintzak burutzeko orduan pandemia oztopo handia bada ere, Talentatu proiektuak aurrera darrai ekintzak berrantolatu eta ekimen birtualetarantz bideratuz, oraingo honetan antolatutako bideo-elkarrizketak kasu.