Martxoa 2021
Elkarlana oinarri hartuta, eta urtetik urtera lankidetza hori indartuz, kooperatibek eskualdeetan duten inpaktu ekonomikotik haratago, gaur egun eraldaketa sozialaren parte aktiboa ere badira.
Eraldaketa sozialarekiko konpromisoa izaera kooperatiboarekin bat dator, eta horregatik, 2003. urtean Lea-Artibai eskualdeko Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa, eta Busturialdeko Maier, elkartzen hasi ziren kooperatiba berrien eta lanpostuen sorrera sustatzeko asmoz. 2008. urtean, Azaro Fundazioaren laguntzarekin eta taldearen dinamizazio lana beregain hartuta, Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zen.
Elkartearen hasierako urteetan kooperatiba berrien sorrera sustatzea izan dute ardatz, baina 2017an egiten ari ziren ekarpena areagotzeko asmoz, beste urrats bat eman zuten. Talentua sortu, erakarri eta mantentzeko TALENTATU proiektua abiarazi zuten Lea-Artiba eta Busturialdea eskualdeetako ikastetxeekin elkarlanean.
Kooperatiben Mahaia Elkarteak eskualdeetako erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlana sustatzea ezinbestekotzat jotzen du, hemendik aurrera ere eskualdeko garapen ekonomikoa eta sozialari ahalik eta bultzada handiena ematen jarraitzeko. Guztion etorkizuna eskualdearen etorkizunari lotuta baitago.
Kooperatiba berrien sorrera
Lea-Artibai, Busturialdea, Debabarrena eta Durangaldean kooperatiba bat sortu nahi duten guztiei Azaro Fundazioaren “Ekin pausoz pauso” metodologiaren bidez laguntza eskaintzen zaie beraien sorrera-proiektuak aurrera eramateko. Azken urteetan 50 kooperatiba baino gehiago eta 200 lanpostutik gora sortzen bidelagun izan dira.
Azaro Fundaziotik bideratuta, kooperatiba sortu berri horietatik irizpide batzuk betetzen dituzten proiektuak Kooperatiben Mahaia Elkartera aurkezten dira eta laguntza ekonomikoa jasotzen dute hasierako inbertsioetarako. Eskaintzen den zerbitzu honen harira, bideo berri bat publikatu du Kooperatiben Mahaia Elkarteak. Bideoa ikusi