Apirila 2021
Negozio-eredu lehiakorragoak eta jasangarriagoak sortzeko helburuarekin, Azaro Fundazioak inguruko enpresek ekonomia zirkularraren esparruan izan ditzaketen beharrak eta interesak identifikatzeko lan egiten du. Lan-ildo horren baitan, enpresen artean egindako diagnostiko batetik abiatuta, Azaro Fundazioak hainbat arazo edo erronka identifikatu ditu. Erronka horiei irtenbidea bilatzeko asmoz, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza izan du Azarok.
Testuinguru horretan, joan den apirilaren 23an “Make It Circular” jardunaldia egin zen Mondragon Unibertsitatean. MU eta Azaro Fundazioko ordezkariekin batera, Lea-Artibaiko bi enpresak eta unibertsitateko Diseinu Graduko eta Masterreko ikasleek parte hartu zuten ekitaldian.
Horrela, unibertsitateko irakasleek eman zioten hasiera jardunaldiari Azaro Fundazioaren aurkezpena eginez. Jarraian, Azaroren eskutik Ekonomia Zirkularraren inguruko informazioa jaso zuten parte-hartzaileek. Ondoren, Barrenetxe, S.Coop. eta Hamen Bertokoa elkarteko ordezkariek hartu zuten hitza eta beraien erronkak aurkeztu zizkieten ikasleei. Jardunaldiarekin jarraituz, ekitaldian parte hartu zuten ia 100 ikasle taldeka batu ziren enpresek proposatutako erronkei konponbide jasangarria bilatzeko, ekonomia zirkularraren printzipioak oinarri hartuta. Lan-jardunaldiaren amaieran, gazteek egindako bideoak aurkeztu ziren, enpresek ezarritako erronken inguruan beraiek proposatutako irtenbideak azalduz.
Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak bultzatutako Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programaren barruan kokatzen da.