Maiatza 2021
Markina-Xemeinen kokatutako Leartikerrek aparteko hazkundea izan du azken 5 urteetan, eta horren adierazgarri da lortu berri duen Foku Anitzeko Zentro Teknologikoaren akreditazioa. Izendapen honi esker, Euskadiko I+G+b arloan erreferentziazko zentro bat izatera heldu da. Leartikerrek teknologia eta berrikuntza enpresa ehunaren lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa erabiltzea sustatzen du, bere espezializazioetan ezagutza sortu eta garatuz. Are gehiago, Euskadin ezarritako lehentasunekin bat datozen ikerketa-eremuetara egindako transferentzia teknologikoaren indize altuagatik ere gailentzen da Zentro Teknologikoa, enpresekin duen lankidetza estuari esker lortzen dutena.
LEARTIKER POLIMEROEN TEKNOLOGIA eta ELIKAGAIEN TEKNOLOGIA
Zentroa espezializatuta dagoen bi teknologiengatik nabarmentzen da: polimeroak eta elikagaiak.
Polimeroen Teknologiaren esparruan, eta material polimerikoetan oinarritutako fabrikaziora bideratutako diseinuaren kontzeptuan zentratuta, Leartikerrek material ezberdinen garapenetik hasi eta fabrikazio-prozesuetara arteko eremua jorratzen du, materialen eta produktuen karakterizaziotik igaroz eta hauen digitalizaziora arte, simulazio-teknika aurreratuen bidez egiten dena.
Bi espezializazio nagusi ditu:
- GARRAIO JASANGARRIA: Egitura polimeriko fidagarri, arin eta isilen garapen integrala.
- OSASUNA: Gailu medikoen garapena eta ehunen ingeniaritza eta diagnostiko azkarra bezalako terapia aurreratuetarako material polimerikoen ikerketa.
Elikagaien Teknologiaren esparruan, “Elikadura osasungarria” lehentasunaren barruan, Leartikerrek berrikuntzaren aldeko apustua egiten du nekazaritzako elikagaien industrien lehiakortasuna hobetzen laguntzeko estrategia nagusi gisa, kultura berritzailea enpresen estrategian txertatuz eta nekazaritzako elikagaiak balioan jartzeko proiektuak dinamizatuz, prozesuak transferentzia teknologikoaren bidez dibertsifikatuz eta egokituz.
- LEARTIKER ESNEKI ZENTROA, sektoreko erreferentea. Esnekien sektoreko dibertsifikazioa bultzatzen du, gazta eta esneki berriak garatuz eta aholkularitza tekniko aurreratua eta prestakuntza espezializatua eskainiz.
- PREST. Landare- eta haragi-jatorriko lehengaietan oinarritutako berrien garapenera bideratutako espezializazioa da.
IKERKETA-BIKAINTASUNA ETA NAZIOARTEKO PROIEKZIOA
Zentro Teknologikoak 50 pertsonako lan-taldea du, eta horien artean Leartikerren ikerketa- bikaintasuna sustatzen duten 9 doktore eta 2 doktoregai daude.
50 ikerketa-proiektu baino gehiagotan murgilduta dago lan-taldea, eta nabarmentzekoa da azken urteotan Zentro Teknologikoak izan duen hazkundea nazioarteko proiektuen kopuruan eta nazioarteko negozio-bolumenean, gaur egun %20tik gorakoa delarik.
Leartikerrek 200 enpresa baino gehiagori eskaintzen dizkio bere zerbitzuak, eta 3,5M€-tik gorako negozio-bolumena du. 2015ean eratu zenetik, Leartikerrek urteko %7ko batez besteko hazkundea izan du.
Leartikerrek bere hasieratik enpresa-ehunari balioa emateko lan egiten du, I+G+b jardueraren bidez eta polimeroen teknologiara eta elikagaien teknologiara jarduera horren transferentzia egokia eginez. Nazioarteko ikuspegia eta lankidetza-harremanen eredua oinarri hartuta, ezagutza, balioa eta lan jasangarria sortzeko konpromisoa duten pertsonek gauzatzen dute Leartiker proiektua.
BILAKAERA HANDIA
Leartiker 2015eko uztailean eratu zen kooperatiba gisa, aurretiko ibilbidea Lea Artibai Ikastetxean egin ondoren. Kooperatibaren sorrerarekin batera, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) berrantolaketaren ondorioz, 2016an Zentro Teknologiko Sektorialaren kategorian egiaztatu zen.
Urte hauetan zehar, Zentro Teknologikoak hainbat ziurtagiri lortu ditu, besteak beste, 2018an lortutako UNE 166002 I+G+b kudeatzeko sistemaren egiaztapena.
Leartikerren azken mugarria Foku Anitzeko Zentro Teknologikoaren akreditazioa da, Euskadiko I+G+b arloko abangoardian kokatzen duena, hain zuzen.
Era berean, Zentroak epe laburrera begira Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo Zientifiko-Teknologikoan sartu nahi du, horrela, Euskadiko ikerketa-potentzia Europa mailako erreferente bihurtzea bilatzen duen lankidetza-egitura baten parte izateko.