Ekaina 2021
Azaro Fundazioak hizlari bezala parte hartu zuen Innobasquek ekainaren 25ean antolatutako “Zaintzatik prospektibara” web-mintegian.
Topaketa horren helburua izan zen Azaro Fundazioak zaintza nola bideratzen duen azaltzea; hau da, zaintzan lortutako informazioa nola erabiltzen duen erabakiak hartzeko orduan eta bide horretan aurkitzen dituen arazoak eta horiei emandako irtenbideak jakinaraztea.
Azarok zaintza- eta adimen-prozesuari lotutako bi dinamika ditu martxan. Alde batetik, eskualdeko lehiakortasuna hobetzeko hainbat sektore estrategikoetara bideratzen duen zaintza proaktiboa -Behatokia-, eskualdeko enpresetara berrikuntza eta negozio-aukera berriak hurbiltzeko helburuarekin. Bestetik, Azarok erakunde bezala bere lehiakortasuna hobetzeko egiten duen zaintza.
Horrez gain, egindako ibilbideak emandako eskarmentuan oinarrituta, zaintza- eta adimen- prozesua beste erakunde edota enpresa batzuetan martxan jartzeko aholkularitza ere eskaintzen du, berak sortutako INTOOL plataforma digitalaren bidez. Beraz, esan daiteke, Zaintza- eta Adimen-prozesua Azaro Fundazioaren baliabide estrategikoa bihurtu dela azken urteotan.
Horrelako prozesu bat martxan jartzeko orduan, dinamika aktiboa mantentzeko eta emaitzak ikusteko, zuzendaritzaren eta langileen inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Azaroko hizlariak. “Prozesu egituratu bat behar da, enpresara eta bere dinamiketara egokituta, denbora esleitu behar zaio eta kudeaketa-planean txertatu, garatu beharreko beste ekintza batzuk bezala”.
Gainera, hizlariak aipatu zuen zaintza-prozesua erakunde edota enpresa gehienetan egiten dela, baina oraindik egituratzea eta zaintza hori erabakiak hartzeko erabiltzea falta dela. Halaber, prozesua pixkanaka martxan jartzeko ondorengo gomendioa egin zuen: “Erakundearen helburuak kontuan hartuta, zaindu nahi diren esparruak identifikatu; erabiltzen diren informazioa iturriak identifikatu; horiek ordenatu; eta informazio hori balioan jartzeko eta erabakiak hartzeko balio dezaten dinamikak martxan jarri”.
Azaro Fundazioaren izenean eskerrik asko Innobasqueri eskainitako aukeragatik!
Azaro Fundazioaren aurkezpena ikusgai dago hemen.