Uztaila 2021
Joan den uztailaren 1ean jardunaldi bat egin zen Bizinfish proiektuaren baitan. Bertan, Covid-19, digitalizazioa eta jasangarritasunari dagokionez sortutako aukera berrien inguruan aritu ziren eta horiekin lotutako praktika onak ezagutzeko aukera ere izan zuten proiektuan parte hartzen ari diren enpresek.
Izan ere, 2021 urte honetan, arrantza-sektorearen beharrizanak aldatu egin dira. Hori dela eta, sektoreko enpresen negozio-ereduak berritzeko dinamikak ezarri nahi dira haien lehiakortasuna hobetze aldera.
Bizinfish Azaro Fundazioa eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzaren arteko elkarlan proiektua da, arrainaren merkaturatze eta eraldaketaren sektoreko enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea sustatzeko helburuarekin abian jarri zena 2019an. Hala ere, aurten, sektorearen beharrak aldatuta, proiektuaren xedea enpresa horien lehiakortasunean eragitea bilakatu da.
Horrela, orain arte proiektuan zehar egindako lanari jarraituz eta uztaileko jardunaldian landutakoa kontuan hartuz, hurrengo urratsa enpresa horietan berrikuntza-sistemak jartzea izango da. Horretarako, Azaro Fundazioaren laguntza izango dute beraien erakundeetan dinamika parte hartzaile bat ezartzeko, berrikuntza-proiektuak sortzeko aukera emango diena.
Bizinfish Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak babesten du eta Lea-Artibai eta Busturialdeko 33 enpresak parte hartzen dute.