Iraila 2021
Irailaren 23an, lehiaketaren epaimahai profesionaleko kideek, Azaro Fundazioa tartean, Mondragon City Challenge-en lehen edizioa irabazteko lehian izango diren 6 finalistak erabaki zituzten.
Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehenengo lehiaketa da, eta lankidetzako ekintzailetza sustatzea eta gazteei eredu kooperatiboaren balioak hurbiltzea du helburu, eredu horretan oinarritutako enpresa-proiektuak garatuz. Lehiaketa mundu osoko batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago, eta bi kategoria bereizten dira: 16-18 urtekoak eta 19-24 urtekoak.
Txapelketaren lehen fasean, Azaro Fundazioak eta Saiolanek osatutako epaimahai teknikoak, jasotako proposamen guztien artean, garatzeko potentzial handiena zuten 20 proiektuak hautatu zituen. Ondoren, sailkatutako 20 talde horiek hiru hilabete izan zituzten enpresa-proiektuaren ideia garatu ahal izateko. Behin proiektuak aurkeztuta, epaimahai profesionalak horietako bakoitza zehatz-mehatz aztertu du, eta azken sarirako sei finalistak zein izango diren erabaki du. Lehiaketaren azken fasean, finalistek euren proiektuen defentsa prestatu beharko dute azaroaren 19an Arrasateko Amaia Antzokian ospatuko den azken ekitaldian aurkezteko. Bertan, lehiaketaren lehen edizioko irabazleak izendatuko dira.
Finalerako aukeratu diren 6 proiektuak honako hauek izan dira: H2ELIOS (Araba), AG4 (Gipuzkoa) eta OITR (Gipuzkoa), 16-18 urteko kategorian; eta LUP (Gipuzkoa eta Araba), ASTROCOOP (Txile) eta LEGACY (USA eta Iruñea), 19-24 urteko kategorian. Kategoria gazteeneko irabazleek Europara bidaia bat jasoko dute sari gisa, eta besteek Hego Koreara bidaia bat. Gainera, 800 euroko saria emango zaio proiektu berritzaileenari, finalistak ez diren taldeek egindako ahalegina saritzeko.
Mondragon City Challenge egitasmoaren antolatzaileak honako hauek dira: El Diario Vasco, Arrasateko Udala, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua, Konfekoop, Mondragon Korporazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mondragon Unibertsitatea. Erakunde laguntzaileak hauek dira, besteak beste: Asekoop, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea, Saiolan eta Azaro Fundazioa.