Urria 2021
Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza Enplegu eta Tokiko Garapenerako Zentroak, urtero antolatzen duten Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren XIV. edizioko sariak banatu zituzten larunbatean (urriak 2), Markina-Xemeinen ospatu zen Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzailearen Egunaren baitan. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartearen laguntzarekin antolatutako lehiaketa honetan 42 proiektuk parte hartu dute. Iazko lehiaketa pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zenez, aurtengo edizioan 2019tik martxan jarritako negozioak parte hartu ahal izan dute.
Sarituak
Ekintzaileen ahalegina eta lana saritzea helburu duen ekimen honek 3 modalitate saritu ditu. Hauek izan dira aurtengo irabazleak:
Negozio ideia berritzaileena (2.000€)
Ekintzailea: Ander eta MirenPastor, lekeitiarrak.
Jarduera ekonomikoa: Plataforma birtualen garapen pertsonalizatua kultura-jarduerak digitalizatzeko, hala nola arte-, liburu- eta zinema-azokak. Azaro Fundazioaren izenean Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak banatu du saria.
Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu negozio ideia onenari (1.500€)
AINTZANE ILEAPAINDEGIA eta ZURRU MURRU LIBURUDENDA izan dira sarituak (750€ bakoitzari).
Ekintzaileak: Aintzane Ibazeta, markina-xemeindarra eta Goreti Serrano, ondarrutarra.
Jarduera ekonomikoa: Ileapaindegia eta liburudenda. Saria Jon Arriola, Leartibai Garapen Agentziako presidenteak banatu du.
Kooperatiba izaera juridikoa duten enpresak aurkeztutako proiektu onena (bere jarduera edozein izanik (2.000€)
HIRUCLICK KOOPERATIBA
Ekintzaileak: Lander Muruaga, markina-xemeindarra eta Arantza Martínez, bartzelonarra.
Jarduera ekonomikoa: Enpresei eraldaketa digitalean laguntzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte, produktu eta zerbitzu digitalen diseinua (web, aplikazioak, UX…) eta Blockchain, Bitcoin, Kriptomonetak, NFT… aholkularitza. Saria Yanoba Mariezkurrenak banatu du, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartearen izenean.
Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek beste abantaila batzuk ere izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen enpresa-haztegian kokatzeko erraztasunak izateaz gain, erakunde antolatzaileek kudeatzen dituzten programa ezberdinetan parte hatzeko aukera izango dute. Gainera, enpresa martxan jarri bitartean eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza jasoko dute.
Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzaile Eguna 2021
Sari banaketa Lea-Artibaiko Pertsona Ekintzailearen Egunaren baitan antolatutako ekimenen artean ospatu zen. Enpresa Berrien azokarekin batera, gaztetxoenentzako eskulan tailerrak ere egon ziren. Giro politarekin igaro zuten goiza bertaratuek.
Azokan Lea-Artibaiko 5 ekintzailek jarri zuten postua:
Aitziber Torre, servicios de psicoterapia (Ispaster)
Librería Zurru Murru (Ondarroa)
Artesanía Amadou (Ziortza-Bolibar)
Pastor Viewing Room 360 (Lekeitio-Madril)
Amaia Retolaza, coaching de imagen (Lekeitio).
Ekintzailetza kultura hedatzen
Azaro Fundazioa eta Leartibai Garapen Agentzia, Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin konprometituriko bi erakundeek beraien misioaren baitan jasota dute enpresa berrien sorreraren alde lan egitea, eta ekimen honekin, ekintzailetza kultura hedatzeko eta enpresekin erlazionatutako ekimen berriak sustatzeko ahalegin berezia egiten dute. Horrela, bere edizio guztietan 250 proiektuk parte hartu dute lehiaketan eta inoiz ez da saririk esleitu gabe gelditu. Guztira, 42 proiektu saritu dira eta 85.000€ banatu dituzte.