Azaroa 2021
Azaro Fundazioak, hil honen hasieran, SARETZEN programaren baitan antolatutako jardunaldietan Lea-Artibai eskualdeko hazkunde eta garapen ekonomikoa bultzatzen duten enpresa traktoreen hitzaldiak entzuteko aukera izan zen.
Saretzen Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programak finantzatzen du, eta bere helburua ezagutzaren transferentzia ahalbidetzea eta berrikuntzan eragitea da, Lea-Artibaiko enpresen arteko lankidetzaren bidez.
Hizlariak ITSASKORDA, LAU-NIK, NEMAK, HIBLAB, LEARTIKER eta EIKA izan ziren, eta beraien egungo egoeraren berri emateaz gain, epe ertain-luzera begira dituzten erronkak ere azaldu zituzten. Horrez gain, egungo egoerari eta etorkizun hurbilari aurre egiteko lehiakortasunaren gakoak ere nabarmendu zituzten; digitalizazioa, automatizazioa, eraginkortasuna eta talentua erakartzea eta mantentzea ezinbestekoak direla azpimarratu zuten.
Jardunaldi horien ondoren, Azaro Fundazioak hausnarketa saioak antolatuko ditu. Saio horietan, enpresa-ingurunearen egungo joerak eta etorkizuna jorratuko dira, eta dinamika tailerren bitartez, enpresek dituzten beharrak identifikatu eta lan-mahai ezberdinak sortuko dira aurrera eraman nahi dituzten proiektuak garatzen laguntzeko helburuarekin.
Hori dela eta, Azaro Fundazioa eskualdeko enpresa txiki eta ertainekin harremanetan jarriko da saio horien berri emateko eta gonbidapena bidaltzeko.