Urtarrila 2022
Azaro Fundazioak eta Leartiker zentro teknologikoak CircularSeas europar proiektuaren baitan ospatutako 6. bazkide-bileran parte hartu zuten. Oraingo honetan, Azaro izan da bileraren antolatzailea eta asmoa erakundeak Markina-Xemeinen dituen instalazioetan bi eguneko saioa egitea bazen ere, azkenean, Covid-19aren ondorioz, bilera online egin zen urtarrilaren 18an.
Bertan, bazkide guztiak bildu ziren azken seihilekoko ekintza-planari jarraipena emateko. Nodoetako bakoitza egiten ari den lanari buruz eta proiektuan egiten ari diren aurrerapenen inguruan ere hitz egin zuten.
Horrela, proba pilotuek aurrera jarraitzen dute 5 nodoetan, eta itsas industrientzako identifikatutako green product edo produktu jasangarriago baten diseinuan eta 3D inprimaketan ari dira lanean. Ondarroako nodoan, Leartiker eta Azaro Fundazioak osatzen dutena tokiko erakundeekin batera, hegaluzearen etiketa identifikagarriaren inguruan ari dira lanean, Leartikerren eskutik eta Haziren laguntzarekin irtenbide jasangarriago bat bilatzeko asmoz.
Gainera, otsailean, Business Portfolio Report txostena argitaratuko da, non 5 nodoetan identifikatutako produktu jasangarrien deskribapenak eta negozio ereduen azalpenak jasotzen diren.
CircularSeas Interreg Atlantic Area programaren bitartez Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatutako proiektua da eta itsas industriarekin lotutako hondakin plastikoen berrerabilerara begirako estrategiak aurkitzea du helburu.