Leartibai Fundazioak egindako azterketak erakusten du sektorea osatzen duten saltokien gehiengoa Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeinen kokatuta dagoela.
Jarduera hauek dira enplegu gehien sortzen dutenak eta establezimendu kopuru handiena dutenak
Martxoa 2022
Leartibai Fundazioak eskualdeko merkataritza arloari buruzko azterketa egin berri du, sektoreari buruzko daturik esanguratsuenak bildu eta merkatari-elkarte desberdinen iritziak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko asmoarekin.
Azterketa horren arabera, 316 saltokik osatzen dute eskualdeko merkataritza sektorea eta hauen %85a, honako jarduera ekonomikoetan kontzentratzen da, establezimendu kopuruari dagokionez:
- Janari denda ________________________ %27
- Ileapaindegi/Estetika zentroak ____ %20
- Arropa dendak _____________________ %17
- Osagarriak/opariak ________________ %8
- Dekorazioa/altzariak _______________ %4
- Okindegi/Gozotegiak _______________ %3
- Estankoak ___________________________ %3
- Inprenta/Argazkigintza _____________ %3
Enpleguari dagokionez, janari dendak dira enplegu gehien sortzen dutenak, 234 langile hain zuzen, Arropa dendak daude bigarren postu batean, 110 lanpostu sortzen dituztelarik, ostean Ileapaindegi/Estetika zentroak aurkitzen dira 78 lanposturekin, osagarriak/opariak 50 lanposturekin eta Dekorazioa/altzariei lotutako negozioek 48 lanpostu suposatzen dute.
Kokapenari erreparatzen badiogu, eskualdeko herri handiak dira saltoki gehien dituztenak, saltoki guztien %96a: Ondarroak 142, Lekeitiok 108 eta Markina-Xemeinek 54.
Datu hauen lanketa egiteko, Eusko Jaurlaritzak merkataritza sailkatzeko erabiltzen dituen azpitaldeak hartu dira kontutan.
SEKTOREAREN ERRONKAK
Markina-Xemeingo Hemen be bai, Lekeitioko Kitto eta Ondarroako Zatozte dira eskualdeko merkatari elkarteak.
Markina-Xemein herritarrentzat erosketa gune interesgarri izateko lanean murgilduta dabil Hemen be bai, hurbiltasunak eta tokiko produktuak duten balio erantsiaren garrantzia herritarren artean ezagutzera emateko. Ekoizle, saltoki eta erosleen arteko komunitate bat egituratzea da elkartearen helburu nagusia eta horretan dihardu.
Lekeitioko Kitto merkatari elkarteak, elkartearen lanaren garrantzian jarri du azpimarra, hala nola gai desberdinetan informazio eta laguntza zuzena eskaintzea, Lekitto Bonoak ekimenean elkartekideek dituzten abantailak, edota merkataritzak herriak bizirik mantentzeko, lanpostuak sortzeko eta herriko bizitzaren parte izateko egiten duen ekarpena nabarmenduz.
Ondarroako Zatozte elkarteak 21 urte daramatza lanean, merkataritza eta ostalaritzaren arteko elkarlana sustatuz. Sektoreak eskaintzen duen profesionaltasunean eta produktuen eskaintzaren barietatea dira herriko merkataritza bizirik mantentzeko gakoak, elkartearen aburuz. Sektoreari batasuna, konplizitatea eta etengabeko prestakuntza eskainiz, herritarrekiko lotura estua lortzea da erronka nagusia.
DIRULAGUNTZAK
Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza programa ditu merkataritza sustatzeko helburua dutenak. Besteak beste:
MEC: Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-establezimenduak eta zenbait zerbitzu modernizatzea sustatzeko, berrikuntzaren bitartez eta kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamendu komertzialak hobetuz, kalitate- eta lehiakortasun-maila handiagoa lortzeko. Saltegiak eraberritu eta modernizatzeko inbertsioak egitea da helburua, bi laguntza lerroren bidez: alde batetik saltokiaren irudia eta bestetik teknologia berriak eta berrikuntza.
EMCO: merkataritza-ekintzailetza sustatzera bideratutako laguntza-programa. Bi laguntza modalitate ditu programa honek ere:
- Udalen lerroa: merkataritza-ekintzailetza sustatzeko jarduketak gauzatzeko.
- Ekintzaileen lerroa: merkataritza-establezimendu berriak irekitzeko.
HIRIGUNE: Hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa. Hurbileko Merkataritza dinamizatzera bideratuko azterlanak, hurbileko merkataritzari laguntzea, digitalizazioa eta teknologien erabilera eta konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza dira diruz-lagundu daitezkeen jarduerak.