Urria 2022
Lea-Artibaiko bost enpresak enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren, SPRI Taldearen eta Innobasque -Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik.
Conservas Aguirreoa, S.A. (Ondarroa), Hermanos Echevarria Idoeta, S.A. (Berriatua), High Identity Buildings, S.L. (Ondarroa), Miba S.Coop. (Markina-Xemein) eta Pescados Llorente (Ondarroa) enpresek jaso dute aitorpen hori, Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Busturialdea eskualdeetako beste 32 enpresa bizkaitarrekin batera. Hazinnova programari esker euren lehen berrikuntza-proiektua arrakastaz ezartzeagatik eskuratu dute ziurtagiria. Enpresa horiek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan duten posizioa hobetzeko.
Ziurtagiriaren banaketa-ekitaldia atzo, urriak 20, egin zen Zornotzako Zelaieta Zentroko auditorioan, eta bertan izan ziren Aitor Urzelai, SPRI Taldeko zuzendari nagusia, eta Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusia. Zornotzako ekitaldi hori EAEko hainbat eskualdetan egiten ari diren bost topaketen parte da. Topaketa horietan, EAEko 209 enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko egindako ahalegina aitortuko da.
Jardunaldian zehar ETEen ondoan izan ziren sareko eragileen ordezkariak, laguntzaile izan dituztenak berrikuntzako mikro-proiektuen ezarpen-prozesuan: Hegan, FVEM, AED, Errota Fundazioa, Gorbeialde, Bilboko Merkataritza Ganbera, Leartibai Fundazioa, Habic, Lanbide Ekimenak, Fundizio Klusterra, Konfekoop eta Ermuako Udala.
Ziurtagiri hau jaso duten Lea-Artibai, Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Busturialdeako ETEek 48 proiektu gauzatu dituzte Hazinnova programaren 2021eko deialdian. Proiektu horien bidez berrikuntzak lortu dituzte produktuan eta negozio-prozesuetan, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan.
Bestalde, urriaren 27an, Bizkaiko beste 74 enpresak, oraingoan Uribe Kosta, Busturialdea, Bilbo Handia eta Enkarterrikoak, Hazinnova akreditazioa jasoko dute Bizkaiko Parke Teknologikoaren auditorioan, Zamudion, egingo den ekitaldi batean.
2021eko deialdian programa honek 2.300.000 euroko aurrekontua izan du.
Hazinnova programaren 2022ko deialdia
Diplomak banatu ondoren, informazio saio bat egingo da Hazinnova 2022 deialdiaren nondik norakoak azaltzeko enpresa interesatu berriei. Laguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da abenduaren 1era arte. Aurtengo edizioan, programak 2.760.000 euroko aurrekontua izango du.