Urria 2022
Europako Lurralde Lankidetza (Interreg) Europar Batasunaren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-garapena sustatzen duen Kohesio Politikaren tresna da. Horren harira, Interreg-ek ekintza bateratuen esparru bat eskaintzen du, proiektuak finantzatuz arazo partekatuei irtenbide komunak bilatzeko eta Europako eskualdeen arteko esperientzien trukea errazteko.
Europar Batasunak Lurralde Lankidetzako Programen bost belaunaldi izan ditu guztira, eta horietako bakoitzak lau eta zazpi urte bitarteko iraupena izan du. Seigarren programazio-aldia 2021ean hasi zen, Urte Anitzeko Finantza Esparru berriarekin, eta 2027ra arte luzatuko da. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen ditu programa horiek.
Europako Batasunak 2021-2027 aldirako esleitutako aurrekontua 8.000 milioi eurokoa da, eta COVID osteko Europa berreraikitzeko erabiliko da, helburu politiko argi eta zehaztuekin. Europako programen bidez 5 helburu politiko indartuko dira:
- Europa adimentsuagoa.
- Europa berdeagoa.
- Karbonorik gabeko Europa.
- Europa konektatuagoa.
- Europa sozialagoa eta herritarrengandik hurbilago dagoena.
Leartibai Fundazioaren Interreg proiektuak
Testuinguru horretan, aipatzekoa da Leartibai Fundazioaren ibilbidea Interreg programetan 2007an hasi zela, baina Europako Lurralde Lankidetzaren aldeko benetako apustua aurreko Urte Anitzeko Finantza Esparruan egin zuela. Zehazki, 2014tik 2020ra, 7 proiektu abian jartzea lortu baitzuen: CircularSeas, TrasnferINN, Orhi , Healcier, Hericoast , Retrace eta Cohes3ion.
Proiektu horien bidez egindako lanari esker, Lea-Artibai eskualdean berrikuntza, lehiakortasunaren hobekuntza, transferentzia teknologikoa eta ekonomia zirkularra sustatu ahal izan dira industriaren, arrantzaren, nekazaritzaren eta turismoaren sektorean. Eskualdean espezializazio adimenduneko RIS3 estrategia ezartzea ere bultzatu da, eta turismo iraunkorra sustatu da. Fundazioak 1.277.433,59 €-ko EGEF finantzaketa lortu zuen proiektu horiek gauzatzeko.
Azken Urte Anitzeko Finantza Esparru honetan, Leartibai Fundazioak Europako Lurralde Lankidetzaren alde lanean jarraituko du. Helburu horrekin, gaur egun, Fundazioa proiektuak zehazteko eta partzuergoak sortzeko fasean dago, Europako beste eskualde batzuekin batera, Interreg Europa, Interreg Sudoe, Interreg Poctefa eta Interreg Atlantic Area programen deialdi berrietara eskaerak aurkezteko. Lehenengoak 2022ko urtarrilean egin zuen lehen deialdia, eta gainerako programek 2023aren hasieran egitea espero da.
Hedadurari dagokionez txikia izan arren, Lea-Artibai eskualdeak indargune handiak ditu eta Europa mailako erronkei aurre egiteko gaitasun handia du; horregatik, Leartibai Fundazioaren lana eskualde handi honi aukerak gauzatzen laguntzea da.