Abendua 2022
Atzo, abenduak 14, urteroko BIZKAIA OREKAN SAKONDUZ TOPAKETA egin zen BEC-en. Bertan, urtean zehar egindako aurrerapenak eta ekimen hori abian jarri zenetik lortutako emaitza nagusiak aurkeztu ziren.
Topaketan, BEAZ eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariez gain, Bizkaia Orekan Sakonduz sarea osatzen duten 24 agentziak egon ziren, baita COHES3ION proiektuko bazkideak ere. Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiak, eta Lea-Artibaiko Pescados Llorente enpresako Elena Llorentek beraien ekarpenak egin zituzten bigarren zatian ospatutako networking saioan.
Ainhoa Arrizubietak Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoa bultzatzeko ezarri duten gobernantza eredua aurkeztu zuen. Eskualdeko 12 udalek, ezagutza-zentroek eta industriak osatzen dute eredu hori, eta indarrak batu dituzte helburu komunak lortzeko. Horrela, lankidetzan egin duten lehen ekintza Lea-Artibai 2030 eskualdearen garapen ekonomikorako Plan Estrategikoa definitzea izan da. Arrizubietaren hitzetan, plan horrek funtsezko 5 ardatz ditu: trakzio-industriari trantsizioan laguntzea; negozio-jarduera berriak sortzea; itsas eta arrantza-sektorea indartzea; turismo jasangarria bultzatzea; eta enpresa-sare dinamiko eta lehiakorra sustatzea. Ardatz horiek proiektu traktore eta ekimen estrategiko partekatuetan gauzatuko dira, eta lidergo partekatu baten bidez garatuko dira. Izan ere, bere ustez, “lidergo partekatu hori da proiektuak gauzatzeko gakoetako bat”.
Esther Llorentek, bere aldetik, arrantzaren balio-katea osatzen duten enpresen arteko lankidetzaren garrantzia berretsi zuen. Horren erakusgarri argiena Bizinfish mahai sektoriala da, non urtero erronka komun nagusiak definitzen dituzten Leartibai Fundazioaren dinamizazio eta laguntzarekin. Lankidetzari esker, azken urteotan nazioartekotzea eta berrikuntza landu dituzte, eta aurten kudeaketa aurreratuari ekin diote, hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeko Lehiakortasun Programaren baitan. Era berean, agentziek enpresen eta administrazio publikoen artean egiten duten lotura-lana nabarmendu zuen. Bere hitzetan, “Lea-Artibai hobea izateko ezinbestekoa da guztion parte-hartzea eta lankidetza, Leartibai Fundazioaren dinamizazioaren pean”.
Bizkaia Orekan Sakonduz Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak eta BEAZek bultzatutako estrategia da, lurralde-lehiakortasuna sustatzeko. Bere helburu nagusietako bat da erreferentziazko tokiko Garapen Agentzien eta Erakundeen zeregina indartzea, haien bidez industria-enpresen premiei erantzuteko honako eremu estrategiko hauetan: nazioartekotzea, berrikuntza, ekintzailetza, digitalizazioa eta iraunkortasuna.
Urteroko topaketa hau, lankidetzaren bidez, Bizkaiaren lehiakortasuna modu orekatuan sustatuko duen eskualde-garapeneko estrategia bat bultzatzeko erreferente gisa finkatzen ari den foro bihurtu da.
ESPEZIALIZAZIO ADIMENDUNEKO ESTRATEGIAK (S3) LANDU DIRA COHES3ION PROIEKTUAN
Gaur, abenduak 15, COHES3ION Interreg Europe proiektuaren itxiera ekitaldia ospatu da Bilboko Azkuna Zentroan. Bertan izan dira Europako 8 eskualdeetako 10 bazkideak: Kalabria, Estokolmo, Gales, Irlanda, Ruhr, Nord-Vest Errumania, Varsovia eta Bizkaia. Horien artean, BEAZ, Leartibai Fundazioa eta Orkestra.
Proiektuak iraun duen hiru urte eta erdian ikaskuntza eta esperientzia garrantzitsuak eskuratu dituzte Bizkaia Orekan Sakonduz estrategian sakontzeko. Bazkideek eskualdeko espezializazio adimenduneko estrategiaren (S3) maila anitzeko gobernantzaren ereduekin eta tresnekin lotutako ekintza espezifikoak identifikatu dituzte. Estrategia horretatik abiatuta, Ekintza Plan bat zehaztu eta garatu dute eskualde bakoitzerako. Estrategia horien diseinu, garapen eta ezarpen prozesuetan lurralde-ikuspegia integratzen ere ikasi dute.
Cohes3ion proiektua BEAZek – Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoa – zuzendu du eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du.