Ekaina 2023
Leartibai Fundazioak, Gaztedi Lea-Artibai ekimenaren baitan, Lea-Artibaiko Enplegu Azoka ospatu zuen ekainaren 6an, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Ekitaldi honen helburu nagusia Lea-Artibaiko gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna sustatzea da. Horretarako azoka formatua eman zitzaion espazio eta momentuari eta gazteek euren kurrikulumak enpresei eskura emateko aukera izan zuten. Era berean, gazteek eta enpresek aurrez aurre harremanetan jartzeko aukera izan zuten.
Aurtengo edizioan, eskualdeko eta inguruko 17 enpresa eta erakundek parte hartu dute. Bakoitza bere stand-ean egon zen gazteei laneratzeko dituzten aukerak aurkeztu eta lan-poltsa ezberdinetan sartzeko aukera eskaintzen. Guztira 35 lan-eskaintza baino gehiago egon ziren bertaratu zirenen eskura eta gazteek enpresekin zuzenean harremanetan jarri eta euren kurrikulumak aurrez aurre stand ezberdinetan utzi ahal izan zituzten.
Burdinola Safer Labs (Amoroto), Cikautxo S.Coop. (Berriatua), Eika S.Coop. (Etxebarria), Fagor Arrasate S.Coop. (Etxebarria), Laboral Kutxa, Lantegi Batuak, Itsaskorda (Markina-Xemein), Kide S.Coop. (Berriatua), Leartiker (Markina-Xemein), Maier S.Coop. (Gernika-Lumo), Nemak (Etxebarria), Orbea (Mallabia), Danobat (Elgoibar) eta Mek Group (Mallabia) enpresak egon ziren Enplegu Azokan. Horrez gain, Lanbide (Ondarroa), Novia Salcedo Fundazioa (Bilbo) eta 42Urduliz programazio eskolak ere beraien stand-ak jarri zituzten enplegagarritasuna hobetzeko beste bide batzuk aztertu nahi izan zituztenentzat.
Halaber, Leartibai Fundazioa ere bertan izan zen eskualdeko merkataritza, turismo eta ostalaritzan lan egin nahi duten gazteen kurrikulumak jasotzen.
Ekitaldiak iraun zuen 3 orduetan, asko izan ziren azokara hurbildu ziren pertsonak, enpresak bertatik bertara ezagutu nahi izan zituztenak. Gehienak Lea-Artibai eskualdeko herrietako biztanleak izan ziren, baina Eibar eta Galdakao bezalako herrietatik ere etorri ziren. Bertaratuen lanbide-profilari dagokionez, Lanbide Heziketan, Administrazioan eta Ingeniaritzan titulazioa duten pertsonak nabarmendu ziren, batzuk oraindik esperientziarik gabekoak, eta beste batzuk, aldiz, urte batzuetako esperientziarekin, enplegagarritasuna hobetzeko aukera aprobetxatu nahi izan zutenak. Oraindik ikasten ari diren gazte batzuek beren intereseko enpresan praktikaldia zehaztea lortu zuten. Era berean, atzerrian lan egiteko aukera bilatzen zuen jendea ere egon zen.
Parte hartu zuten enpresek eta bertaratu zirenek ere oso positibotzat jo zuten ekimen hau. Enpresek kurrikulum interesgarriak aurkitu zituzten eta elkarrizketa batzuk stand-ean bertan egin zituzten eta beste batzuk datozen egunetarako formalizatu zituzten. Guztira 14 pertsona elkarrizketatu zituzten eta zuzenean sartu ziren hautaketa-prozesuan kontratatzeko aukera handiekin. Bertaratutakoek asko eskertu zuten ekitaldi honek emandako aukera; hau da, enpresa ezberdinetara pertsonalki hurbildu ahal izatea eta haiengandik jasotako arreta. Azkenik, azpimarratu zuten atzo aurrez aurre aurkeztu ahal izan direla enpresen aurrean eta beraien nortasunaren zati bat erakutsi ahal izan zutela. Hori ezinezkoa da kurrikuluma posta elektronikoz bidaltzen dutenean edo webgunera igotzen dutenean.
Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen babesa jaso du.
Gaztedi Lea-Artibai
Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal gaztedi Lea-Artibai programaren baitan kokatzen da. Lea-Artibaiko 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta eskualdeko gazteak eskualdeko enpresetan laneratzea du helburu, gazte eta enpresen arteko harremana sustatuz.
LEARTIBAI FUNDAZIOA ESKUALDEAREN GARAPEN EKONOMIKOAREN ALDE LANEAN
Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzen diharduen erakundea da Leartibai Fundazioa. Azken 20 urteetan Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak egin duten lanaren fruituetatik abiatuta, eta erakunde publiko eta pribatuen elkarlanari eta babesari esker, ibilbide berria hasi zuen Fundazioak 2022ko urtarrilean.
Ekintzailetza, industriaren lehiakortasuna, merkataritza, turismoa, enplegua eta landa eremuaren garapena oinarri hartuta, Lea-Artibai eskualdea Bizkaian indartsu kokatzea du helburu Leartibai Fundazioak eta horretarako, aipatutako 6 lan-arloetan hainbat egitasmo eta proiektu bultzatzen ditu.