Azaroa 2023
Adimen artifiziala geratzeko iritsi da, baina oraindik erronka bat da enpresa txikientzat, ez baitakite ingurune aldakor batean mugitzen, non lan handia egin behar den negozioen egunerokoan aplikagarria izango den etekin bat ateratzeko. Horregatik, Leartibai Fundazioak, lehiakortasun-estrategiaren barruan, turismo-sektorearekin urtero garatzen duen prestakuntza- eta mentoring-programari jarraituz, enpresa horiek, aholkularitza-enpresa espezializatu baten laguntzarekin, adimen artifizialak eskaintzen dituen aukeretara hurbildu ditu, batez ere marketin eta turismo-komunikazioari dagokionez, 6 orduko prestakuntza eta 8 orduko lan pertsonalizatuaren bidez.
Horrela, azaroaren 28an eskaini zuen talde-prestakuntzak lehen kontaktua egiteko balio izan zuen, eta bertan aukera desberdinak aztertu zituzten negozioan aplikatzeko ikuspegiarekin. Bideoak sortzeko abatarrak, aldibereko itzultzaileak, edukien garatzaileen eta abarren erabileraz gain, horiek turismo-eremura eramatera bideratuta egon zen prestakuntza. Hainbat gai landu ziren, enpresen beharretara eta ikasitakoaren ondorengo banakako aplikaziora egokitzeko asmoarekin, baina estrategia digitalaren esparruan behar dute gaur egun enpresek aholkularitza handiagoa. Kontua ez da sare sozialetan postak argitaratzea bakarrik, enpresaren posizionamenduari ere erreparatu behar zaio, erabiltzen diren hashtagak, transmititu nahi diren mezuak, eta hori guztia turismo-jardueraren denboraldi desberdinetara egokitu. Adimen artifizialak prozesu horiek errazten ditu, baina egindako hausnarketan enpresak bat datoz esatean norberaren azken ukituak izan behar duela lehentasuna.
Leartibai Fundazioak, enpresekin elkarlanean, helmugaren kontzientzia sortzea lortzen du, hashtag berberak erabiltzea, produktu berei buruz hitz egitea eta, batez ere, turismo-enpresa bakoitzaren ekarpen indibidualak Lea-Artibai eskualde osoaren garapen turistikoan eragiten duela ulertaraztea.
Jarduera hau Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak finantzatuta dago.