Urtarrila 2024
Pasa den hilabetean, FISHINN INTERREG ATLANTIC AREA proiektu europarrari ekin zioten Leartibai Fundazioan. “INNOVATION ROADMAP FOR LOCAL FISHERIES ECOSYSTEMS RECOVERY” izenpean, hiru urteko proiektua hasi zuten, batik bat, Ondarroako portuan eta Lea-Artibaiko arrantza-hornikuntzaren katean berrikuntza-aukerak sustatzeko asmoz. Nazioarteko taldea izango dute oraingoan, Frantzia, Portugal eta Irlandako lankideekin.
Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatzen duen proiektu hau “Blue innovation and competitiveness” lehentasunaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia tokiko arrantza-ekosistemen eta hornikuntza-kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea da Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz.
Jarduera ekonomiko berriak sortzea eta tokiko arrantza-ekosistemetan negozio-eredu adimentsu, zirkular eta eraginkorragoetara eta irtenbide berritzaileetara igarotzea sustatuko du proiektuak betiere lurralde horietako pertsona interesdunen artean ezagutzak partekatuz eta zentro teknologikoen eta klusterren laguntzarekin.
Lan hori aurrera eraman ahal izateko, fase ezberdinetan banatu dute 2026an bukatuko den proiektua:
- Lehenengo fasean, aukeratutako portuaren diagnostikoa egingo da. Horren erronkak eta aukerak identifikatuko dira, eta partaide ezberdinen artean partekatuko dira, tokiko berrikuntza-foroen bidez.
- Bigarren fasean, Europan identifikatutako erronka horiei aurre egiteko, negozio-ideia berriak eta irtenbide berritzaileak identifikatu eta aztertuko dira.
- Hirugarren fasean, berrikuntzarako ideiak hautatuko dira eta eskualde bakoitzeko berrikuntzarako ibilbide-orriak garatuko dira. Ibilbide-orri horien azken helburua berrikuntza-ideiak eskualde bakoitzera transferitzea izango da.
Proiektuaren ardatz nagusiak, beraz, kooperazioa, berrikuntza, digitalizazioa, trantsizioa, ekonomia zirkularra eta ekonomia urdineko sektoreen arteko lankidetza izango dira.
Proiektuaren aurrekontua 1.200.000 euro ingurukoa da aipatutako fase eta ekintzak bost bazkideek elkarlanean garatzeko.
Leartibai Fundazioa da proiektu honen liderra, eta honako erakunde hauek parte hartzen dute: Frantziatik, Pôle Mer Bretagne Atlantique (https://www.pole-mer-bretagne-atlantique.com/fr/) eta Technopole Quimper Cornouaille (https://www.tech-quimper.bzh/) izango dira; Portugaldik, Sines Tecnopolo (https://www.sinestecnopolo.org/); eta Irlandatik, Munster Technological University (https://www.mtu.ie/).