Martxoa 2024
Joan den martxoaren 19an eta 20an, Europako erakundeak, euskal erakundeetako ordezkariak eta Lea-Artibai eskualdeko eragileak Ondarroan eta Lekeition bildu ziren, tokiko arrantza-ekosistemetarako aukera berriak bilatzeko asmoz. Topaketa hori FISHINN Interreg Atlantic Area Europako proiektuaren barruan kokatzen da, Leartibai Fundazioa eskualde-garapenerako agentziaren gidaritzapean, Ondarroako eta Lekeitioko portuan eta Lea-Artibaiko arrantza-hornikuntzako katean berrikuntza-aukerak sustatzea helburu duena.
Atlantikoko arrantza-industriaren gainbeheraren aurrean, FISHINN proiektuak tokiko arrantza-ekosistema lehiakorragoa eta indartsuagoa izan dadin lagundu nahi du. Horretarako, ekimenak tokiko hainbat eragile bilduko ditu, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta ideia berriak garatzeko. Ezagutzak partekatuz eta teknologia berriak erabiliz, irtenbide adimendunak, zirkularrak eta eraginkorragoak sortzea espero da, arrantzaren egoera hobetzeko.
Aurkezpenak eta bisita Ondarroako eta Lekeitioko portura
Europako ekimenean parte hartzen duten 5 bazkideen lehen topaketa Lea-Artibain izan da. Ondarroako portuan eman zieten ongietorria Pôle Mer Bretagne Atlantique (Bretainiako Itsas Kluster Atlantikoa), Technopole Quimper Cornouaille (Quimper-Cornouailleko Tokiko Garapen Agentzia), Sines Tecnopolo (Sineseko Sustapen, Garapen eta Ekintzailetza Elkartea – Portugal) eta Munster Technological University (Munsterko Unibertsitate Teknologikoa – Irlanda) erakundeetako ordezkariei.
Ekitaldiari hasiera emateko, Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendariak eta Urtza Alkorta Ondarroako alkateak bertaratutako guztiei ongietorria egin zieten, eta eskualdea, Ondarroako portua eta udalerria aurkeztu zituzten. Jarraian, Leandro Azcue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak eta Ekaitz Urtiaga Itsas Garapen Elkarteko zuzendariak hartu zuten hitza Euskadiko, Bizkaiko eta Lea-Artibaiko arrantza-sektorea aurkezteko: arrantza-teknikak, arrantzatzen diren espezieak eta Ondarroako eta Lekeitioko portuek Euskadiko arrantza-sektorean duten garrantzia. Aurkezpenekin amaitu aurretik, Eve Savage irlandarrak, Munsterko Unibertsitate Teknologikoaren izenean, Europan Ekonomia Urdinaren erronkei eta aukerei buruz hitz egin zuen.
Aurkezpenen ondoren, bertaratutakoek bisita gidatua egin zuten Ondarroako portuko instalazioetara. Lonja berria eta Kofradia bisitatu zituzten, baita portuan bertan dagoen arraina izozteko enpresa bat ere. Zuzeneko arrain-enkante digitalak ikusi ahal izan zituzten, baita berdel-kanpainak eragindako mugimendu handia ere.
Arratsaldean, proiektuko bazkideak Lekeitiora joan ziren. Zuriñe Gojenola alkateordeak ongietorria egin zien eta Mendieta ontziola, portua eta kofradia bisitatu ahal izan zituzten. Ibilbidean zehar, herriko portuak duela hamarkada batzuk izan zuen arrantza-jarduera handia erakusten zuten argazki zahar batzuk bistaratu ziren. Gaur egun jarduera hori guztia eta porturatutako itsasontziak ia erabat ordezkatu dituzte turismoak eta jolas-ontziek.
Workshop-ak proiektuan aurrera egiteko
Bazkideek bi eguneko bisita hau baliatu dute hasierako fasean dagoen FISHINN proiektuaren helburuetan aurrera egiteko. Proiektua 2026aren bukaeran amaituko da, eta gaur egun bazkideak aukeratutako portu bakoitzaren diagnostikoak egiten ari dira, erronkak eta aukerak identifikatuz. Laster negozio-ideia eta irtenbide berritzaile berriak identifikatu eta aztertuko dira, Europan identifikatutako erronkei aurre egiteko, eta, azkenik, irtenbide horien aukeraketa egingo da eta eskualde bakoitzeko berrikuntza-ibilbide-orriak garatuko dira. Ibilbide-orri horien azken helburua izango da berrikuntza-ideiak eskualde bakoitzera transferitzea.
FISHINN Interreg Atlantic Area
Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatzen duen FISHINN proiektua “Blue innovation and competitiveness” lehentasunaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia tokiko arrantza-ekosistemen eta hornikuntza-kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea da Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz.
Hiru urteko iraupena duen proiektuak jarduera ekonomiko berriak sortzea eta tokiko arrantza-ekosistemetan negozio-eredu adimentsu, zirkular eta eraginkorragoetara eta irtenbide berritzaileetara igarotzea sustatuko du betiere lurralde horietako pertsona interesdunen artean ezagutzak partekatuz eta zentro teknologikoen eta klusterren laguntzarekin.
Proiektuaren ardatz nagusiak, beraz, kooperazioa, berrikuntza, digitalizazioa, trantsizioa, ekonomia zirkularra eta ekonomia urdineko sektoreen arteko lankidetza dira.
Leartibai Fundazioa da proiektu honen liderra, eta honako erakunde hauek parte hartzen dute: Frantziatik, Pôle Mer Bretagne Atlantique (https://www.pole-mer-bretagne-atlantique.com/fr/) eta Technopole Quimper Cornouaille (https://www.tech-quimper.bzh/); Portugaldik, Sines Tecnopolo (https://www.sinestecnopolo.org/); eta Irlandatik, Munster Technological University (https://www.mtu.ie/).