Ekaina 2024
TALENTATU proiektua Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) jarri zuen martxan 2018-2019 ikasturtean, Leartibai Fundazioarekin elkarlanean eta Lea-Artibai eta Busturialdeako ikastetxeen laguntzarekin. Ikasleen artean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutarazi, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den erakutsi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera ematea izan da Talentaturen helburua sortu zenetik.
Horregatik, ikasturtez ikasturte jarduera ugari egiten dira bi eskualdeetako ikasleekin proiektu honen esparruan. Talentatu proiektuan, Lehen Hezkuntzako lehen ziklotik prestakuntza-zikloak egiten ari diren ikasleek parte hartzen duten ibilbide bat markatu da.
2023-2024 ikasturte honetan 3.388 ikasle bildu ditu Talentatu proiektuak: Lea-Artibai eskualdeko 2.002 ikasle eta Busturialdeako 1.386 ikasle hain zuzen ere. Honako ekintzak burutu dituzte ikasturtean zehar:
- “Kalatxo”: eskualdeko datuak biltzen dituen argitalpena Lea-Artibaiko kultura eta baloreak ezagutzera emateko (5 liburuxka).
- Eskualdeko herriak ezagutzeko irteerak (5 ikastetxe).
- Profesionalen hitzaldiak ikasgelan (6 hitzaldi).
- Ekintzaileen hitzaldiak ikasgelan (9 ikastetxe).
- 42 Urduliz Bizkaia Campusera bisita (5 ikastetxe).
- Kooperatiba eta enpresetara bisitak (676 ikasle).
- Goiz bateko egonaldiak kooperatibetan (6 ikastetxe, 34 ikasle I Batxilergoko 2. maila).
- Cluster Gaia elkartearen eskutik programazioari buruzko prestakuntza-saioak (10 ikastetxe, 602 ikasle I DBHko 3. maila).
- Emakume zientzialarien mahai-ingurua (10 ikastetxe, 499 ikasle I DBHko 2. maila).
- Lea-Artibaiko saltokietako erakusleihoak ikasleek diseinatutako eskualdeko emakume zientifiko eta teknologikoen posterrekin apaintzea (6 ikastetxe, 203 ikasle I Lehen Hezkuntzako 3. maila).
- STEAM tailerrak EHU/UPV-ren eskutik (6 ikastetxe, 198 ikasle I DBHko 1. maila).
- Zientzia eta Teknologia Eguna Busturialdean eta Lea-Artibain. (DBHko 4. mailako 338 ikasle eta LHko 6. mailako 342 ikasle, hurrenez hurren).
Talentaturi esker, hurrengo urteetan enpresek beharko duten talentuaren sorkuntza bultzatu nahi da.
ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA EGUNA
2023-2024 ikasturteari amaiera emateko Zientzia eta Teknologia Eguna antolatu zuen Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahai Elkarteak, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan ospatu zuten ekitaldia. Maiatzaren 3an, Gernika-Lumoko Astra eraikinak Busturialdeako ikastetxeetako DBHko 4. mailako 338 ikasle hartu zituen, eta maiatzaren 31n, berriz, Lea-Artibaiko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 342 gaztetxo bildu ziren Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Guztira ia 700 ikaslek hartu dute parte Zientzia eta Teknologia Egunaren aurtengo edizioan.
Bi jardunaldiek dinamika bera izan zuten. Bai Busturialdean, bai Lea-Artibain 15 txoko desberdin (aurreko urteetan baino bi gehiago) jarri zituzten. Txoko horietan Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresak eta eskualdeko eta inguruko beste enpresa eta erakunde batzuk egon ziren gazteei beraien ezagutzak transmititzen. Horrela, robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak jorratu ahal izan zituzten zuzenean adituen eskutik. Arragua, Cikautxo, Doplay, EHU-UPV, Eika, Fagor, Kide, Leartiker, Maier eta Neiker enpresek parte hartu zuten jardunaldietan.
2019an ospatu zen Zientzia eta Teknologia Egunaren lehen edizioa, eta, urtez urte, ezinbesteko hitzordu bihurtu da, gazteenak inguruko enpresa eta erakundeetara hurbiltzeko, haien jarduera bertatik bertara ezagutu dezaten. Ikastetxe parte-hartzaileek oso positibotzat jo dute aurtengo edizioa ere. Aitortu dute ikasleek asko ikasi dutela eta gozatu egin dutela.
TALENTATU JARRAITU BEHARREKO PROIEKTUA
Antolatzaileek eta parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egin dute amaitu berri den Talentatu proiektuaren edizio honen inguruan. Aurten lehen aldiz EHU-UPV-ren eskutik eskaini diren STEAM tailerrek izugarrizko arrakasta izan dute. Bereziki interesgarriak iruditu zaizkie eta baliagarriak ikasleen ikasprozesurako.
Enpresetara bisitak eta goiz bateko egonaldiak kooperatibetan ekintzak ere azpimarratu dituzte; izan ere, ikasle askori beraien etorkizuna bideratzeko lagungarriak iruditu zaizkie. Horri dagokionez, adierazi dute ekintzaileen eta langileen hitzaldiak ere osagarriak izan direla zalantzak eta kezkak argitzeko.
Talentatu proiektua oso aberasgarria dela nabarmendu dute guztiek, ikasle, irakasle, enpresetako langile eta antolatzaileek. Ezinbesteko egitasmoa dela uste dute elkarlanean etorkizuna landu ahal izateko.
LEA-ARTIBAIKO KOOPERATIBEN MAHAIA ELKARTEA
Burdinolak, Cikautxok, Eikak, Fagor Arrasatek, Kidek, Laboral Kutxak, eta Busturialdeako Maierrek 2003. urtean elkarrekin biltzeko erabakia hartu zuten, elkarlanari ekiteko ideiarekin. 2008. urtean, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin eta taldearen dinamizazio-lana bere gain hartuta, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zen.
Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen helburu nagusia kooperatiba berriak sustatzea izan da betidanik, eta horretarako 2.000 € eta 30.000 € arteko dirulaguntza eskaintzen du hasierako inbertsioetarako, mentoring eta aholkularitza barne. Horrela, bere ibilbidea hasi zuenetik, gizarte ekonomiako 65 enpresa berri sortzen lagundu du Leartibai Fundazioarekin lankidetzan. 40 kooperatibak jaso dute mahaiaren babesa eta 404.500 € banatu dituzte laguntzetan.
Halaber, egiten ari ziren ekarpena handitzeko asmoz, 2017. urtean, beste urrats bat ematea erabaki zuen elkarteak, eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea, hain zuzen ere.
Erabaki horretatik eratorritakoa da gaur egun lantzen ari diren TALENTATU izeneko proiektu esanguratsu hau.