Urtarrila 2025
TALENTATU Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan, eskualdeko ikasleak, enpresak eta erakundeak konektatzeko asmoz 2017. urtean abiatutako proiektua da. Harrez gero, urtetik urtera indartzen joan den egitasmo honek 2024-2025 ikasturteari jarduera anitzez betetako agendarekin ekin dio. Tokiko talentua eta STEAM bokazioak sustatzea helburu duen programa honek milaka ikasle eta irakasle inplikatu ditu hainbat ekimenetan.
Ikasleen bisitak eskualdeko kooperatibetara
Ikastetxeek tokiko kooperatibetara egiten dituzten bisitak dagoeneko hasi dira, ikasleei enpresen funtzionamenduari buruzko esperientzia hurbila eta praktikoa eskainiz. Esate baterako, Eguberri aurreko astean, Lekeitioko Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek Burdinola bisitatu zuten eta bertako langileen eskutik enpresako departamentu ezberdinak ezagutu ahal izan zituzten. Datozen asteetan, beste ikastetxe batzuek eskualdeko beste enpresa batzuk bisitatuko dituzte, hala nola, Eika, Nemak eta Cikautxo.
STEAM tailerrak DBH1eko ikasleentzat
TALENTATU proiektuaren zutabeetako bat bokazio zientifikoak sustatzea da. Horregatik, urtarrilaren amaieran DBH1eko ikasleei zuzendutako STEAM tailerrekin hasiko dira, EHUko ikertzaileen laguntzarekin. Tailer horiek urteko lehen hiruhilekoan zehar egingo dira, eta hiru saio izango dituzte: sarrera orokorreko saio bat, zientzietan oinarritutako saio espezifiko bat eta matematika eta ingeniaritzako beste bat.
Programazio tailerretako berrikuntzak
GAIAk (Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea) antolatutako programazio tailerrek ere berrikuntzak dakartzate ikasturte honetan. Urtarrilaren 16an, hainbat ikastetxetako irakasleek prestakuntza jasoko dute Lea-Artibai Berrikuntza Gunean, programaren edizio berrira egokitutako funtzio eta programazio-lengoaia berriak ikasteko. Ondoren, irakasleek ariketa praktiko ezberdinak landuko dituzte ikasleekin, eskuratutako ezagutzak aplikatuz.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguneko ekintzak
Aurreko urteetan bezala, TALENTATU proiektuak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna (otsailak 11) ospatuko du, emakumeek zientziaren arloan duten papera agerian jartzen duten jarduerekin. Aurreikusitako ekintzen artean daude:
- Eskualdeko emakume zientzialarien profilak identifikatzea eta lantzea (LH5eko ikasleak): Ikasleek tokiko negozioen erakusleihoak apainduko dituzte posterrekin, Lea-Artibaiko emakume zientzialariei ikusgarritasuna emateko.
- Lea-Artibaiko emakume zientzialarien mahaingurua (DBH2ko ikasleentzat): Emakume gazteak karrera zientifikoetan murgiltzeko inspirazio-gune bat.
42 Urdulizera bisitak
Urtarrilean, Lea-Artibai Ikastetxeko batxilergoko bigarren mailako ikasleek 42 Urduliz programazio-campus berritzailea bisitatuko dute. Urduliz dorrean kokatutako 2.400 m2-ko espazio honetan, prestakuntza eredu disruptibo bat planteatzen da lan merkatuak eskatzen dituen erronka eta profil digital guztietarako. Jarduera honen helburua ikasleei eskura dituzten prestakuntza- eta ikaskuntza-eskaintzak erakustea da.
Inpaktu esanguratsua eskualdean
Ikasturte honetan, Lea-Artibai eskualdeko ikastetxe guztiak parte hartzen ari dira TALENTATU egitasmoan, guztira, 18 ikastetxetako 1.300 ikasle baino gehiago. Gainera, nabarmentzekoa da Lea-Artibaiko Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Laboral Kutxa, eta Busturialdeko Maierrek osatutako Kooperatiben Mahaia Elkarteak proiektu honekiko duen inplikazioa: 2017an eskualdeko eraldaketa sozialeko proiektuak elkarrekin garatzeko eta urrats bat gehiago emateko egindako apustua. Erabaki horretatik sortu zen TALENTATU izeneko proiektu esanguratsu hau, eta gaur egun kooperatiba horietako 40 bazkide inguruk parte hartzen dute egiten diren ekintza ezberdinetan.
Ekimen horiekin, TALENTATUk erreferente izaten jarraitzen du Lea-Artibaiko hezkuntzaren eta lan munduaren arteko loturan, tokiko talentuaren garapena eta komunitatearen indarra sustatuz.