
Maiatza 2025 –
Gaur egun, programazioa menperatzea gero eta garrantzitsuagoa da, horregatik TALENTATU programaren baitan “Programazio tailerrak” izeneko ekintza bat antolatzen da Leartibai Fundazioaren eskutik. Lan munduan gero eta gehiago erabiltzen da programazioa, horregatik, bertoko gazteen artean trebetasun digitalak eta pentsamendu konputazionala sustatzea da ekimen honen helburua. Ekintza honetan Lea-Artibai eta Busturialdeko ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleek parte hartzen dute.
Tailer hauek lantzea ikastetxe bakoitzaren ardura izaten da, haien programaren araberakoa izaten baita lanketa. Hala ere, ekintza honen hasieran “Programazio tailerren formakuntza” saioa antolatzen da Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean, ekimen honetan partehartzen duten ikastetxeetako irakasle arduradunei lanketarako beraien eskura jartzen den plataforma ezagutarazi eta lengoaia desberdinen erabilerak erakusteko. Aurtengoan, bi eskualdeetako 8 ikastetxek hartu dute parte ekintza honetan. Urtarrilaren 16an eman zitzaion hasiera eta Markina-Xemeinen antolatu zen formakuntzara Lea-Artibaiko Azkue Ikastola, Berakruz Ikastola, Markina BHI, Lekeitio BHI eta Ondarroa BHI ikastetxeak, eta Busturialdeko, San Fidel Ikastola, Urritxe BHI eta Bermeo BHI ikastetxeak aurkeztu ziren. Formazioa GAIA – Euskadiko Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkarteko profesionalen eskutik jaso zuten, eta ordutik, edozein kontsulta edo zalantza argitzeko laguntza eskaini diote ikastetxe hauei.


Euskadiko HACKATHOIA txapelketa
Maiatzean zehar, programazioan eta pentsamendu konputazionalean oinarritutako HACKATHOIA txapelketan parte hartu dute Lea-Artibai eskualdeko Azkue Ikastolak (Lekeitio), Berakruz Ikastolak (Markina-Xemein) eta Ondarroa BHIk, eta Busturialdeko Bermeo BHI eta Gernikako San Fidel Ikastetxeak. GAIAk, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, CodeOK eta ToolBox Academy-rekin elkarlanean antolatutako lehen Hackathon txapelketa honetan, Euskadiko bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietako gazteek parte hartzeko aukera izan dute (6.000 ikasle inguru), beraien sormena, logika eta programazio-trebetasunak erakutsiz, erronka teknologikoei aurre egiteko abilezia erakusteko. Hilabete honetan fase ezberdinetan parte hartu dute ikasleek eta erronkak hobekien ebazten zituztenek fasez pasatzen joan dira.
Lehenengo fasean banaka eta, bigarren fasean taldekatuta, ikasleek 45 minutu izan zituzten programazio-ariketak eta logika-konputazionaleko erronkak ebazteko. Markina-Xemeingo Berakruz Ikastola, Bermeo BHI eta Gernikako San Fidel Ikastolak finalerako txartela lortu zuten, Euskadiko talde onenekin azken erronka ebazteko lehiaketarako sailkatuz.
Finala
Proiektuari amaiera emateko Bizkaia Aretoan “Hezkuntzaren gaitasunen garapena” ekitaldi publikoa antolatu da, gaur, maiatzaren 26an, Aitor Uriondo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariarekin. Bertan, gaitasun digitalak txikitatik garatzearen garrantzia nabarmendu da, eta haur eta gazteengan pentsamendu konputazionala ezartzeari buruzko erronkak eta ikaskuntzak aztertu dira.
Zazpi ikastetxe sailkatu ziren final honetarako (190 ikasle) eta 4-5 ikasleko taldeetan antolatuta bi programazio kategoriatan (Toy Script eta Java Script) erronkak ebaztea izan da beraien zeregina.



Sarituak
Toy Script kategorian, Ermuako Eskolabarri Ikastetxea izan da irabazlea, eta Lizardi BHI (Zarautz) eta Bermeo BHI, izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren. Java Script kategorian, Errenteriako Egiluze Ikastetxeko ikasleek eskuratu dute lehen saria, eta atzetik, bigarren postuan, Markina-Xemeingo Berakruz Ikastetxeko ikasleak eta hirugarrenean, Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleak.
Zorionak guzti-guztioi! Eta bereziki, Markina-Xemeingo Berakruz, Gernikako San Fidel Ikastolako eta Bermeo BHI-ko ikasleei!