• Hasiera
  • Taldea
  • Zerbitzuak
    • Enpresa berrien sorrera
    • Enpresei zerbitzuak
    • Behatokia
  • Programak
  • Lea-Artibai
    • Lea-Artibai
    • Enpresa ehuna
    • Eskualde estrategia
  • Bezeroak
  • Kontaktua
  • Berriak
  • Dirulaguntzak
    • Industria & B2B dirulaguntzak
    • Txikizkako merkataritza dirulaguntzak
    • Turismoa dirulaguntzak
    • Ekintzailetza dirulaguntzak
    • Udalen dirulaguntzak
  • es

Lea-Artibaiko ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA EGUNA

Ekaina 2025 –

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA EGUNAren edizio berri bat ospatu zuten maiatzaren 30ean Lea-Artibai eskualdean. TALENTATU proiektuaren baitan, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) antolatu zuen jardunaldia, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailaren babesarekin.

Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian, maiatzaren 30ean, ospatu zen hitzordu honetara Lea-Artibai eskualdeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 250 ikasle hurbildu ziren Zientzia eta Teknologia Eguneanparte hartzeko.

11-12 urte bitarteko ikasleak, 13 txokotan banatuta, zientziaz eta teknologiaz lotutako hainbat praktika eta esperimentu egiteko aukera izan zuten. Alde batetik, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteko enpresak beraen jarduerak erakusteko txokoak jarri zituzten, eta bestetik, eskualdeko eta inguruko beste enpresa eta erakunde batzuk ere gazteei beraien ezagutzak transmititzeko txokoak izan zituzten: laborategien konfigurazioa, kautxuaren propietateen inguruko esperimentuak, elektronika eta txipen erakusketa, robotika eta programazioa, kamera termografikoarekin neurketak, automobilgintzako elektronika, marrubien DNA erauzketa eta material polimerikoen disolbagarri ezberdinekin esperimentuak, matematika praktikatzeko GeoGebra aplikazioa, argi-bidezko komunikazioak zuntz optikoetan, lurzoruaren osasuna neurtzeko ariketak…

Ekimenean parte hartu zuten enpresa eta erakundeak hauexek izan ziren: Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Maier, Leartiker Zentro Teknologikoa, EHUko Matematika eta Telekomunikazioen arloa, Neiker eta Doplay.

2019an ospatu zen Zientzia eta Teknologia Egunaren lehen edizioa, eta, urtez urte, ezinbesteko hitzordu bilakatu da, gazteenak inguruko enpresa eta erakundeetara hurbiltzeko, haien jarduera bertatik bertara ezagutu dezaten. Parte-hartzaileek zein antolatzaileek jarduera honen eta TALENTATU programaren baitan egiten diren ekintza ezberdinen balorazio oso positiboa egin dute:

“Robotika, ingeniaritza eta inguruko enpresetan arlo horrek duten garrantzia ikusteko aukera ematen die ikasleei” azpimarratu zuen Berriatuako eskolako irakasleak. “Honelako ekintza gehiago egotea gustatuko litzaidake” eta “esperientzia polita da eta mundu guztiarentzako gomendagarria” dela azpimarratu zuten ikasleek.

Gazte horietako askok beraien gurasoek lan egiten duten enpresetako txokoetan egoteko aukera izaten dute eta halaxe adierazi zuen ikasleetako batek “nire aitak Cikautxon lan egiten du eta ilusio handia egin dit beraien txokoa bisitatu ahal izateak”.

TALENTATU PROIEKTUA

Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier), Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean TALENTATU izeneko proiektua jarri zuen martxan eskualdeko ikastetxeekin. ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematikak) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile-profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari burutzen dituzte ikasleek egitasmo honen baitan:

Kooperatiba eta enpresetara bisitak (LHko eta DBHko ikasleak); Enpresa eta kooperatibetako langileen bisitak ikastetxeetara (DBH eta batxilergoa); Hitzaldiak (batxilergoa eta prestakuntza zikloetako ikasleei); Enpresetan egun bateko egonaldiak (batxilergoko ikasleak); Herri trukaketak (gazteenek beraien herrietan eskualdeko beste herrietako ikasleak hartu dituzte beraien ondarea eta ingurua erakusteko); Erronken lanketa (kooperatibetako ordezkariak eta irakasleak); Emakume zientzialariak eskualdeko erakusleihoetan; Eskualdeko emakume zientzialarien mahai-ingurua; eta Zientzia eta Teknologia Eguna, besteak beste.

Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heltzen da Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak zuzendutako TALENTATU proiektua.

Proiektu honekin eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertako enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza-ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta enpresek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da. Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea.

Aurrekoa
Hurrengoa
Gurekin hitzegitea gustatuko litzaizuke?
Xemein Etorbidea, 12-A
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Markina Xemein (BIZKAIA)
946169172
kaixo@leartibaifundazioa.eus
© Leartibai Fundazioa 2025 | All Rights Reserved