• Hasiera
  • Taldea
  • Zerbitzuak
    • Enpresa berrien sorrera
    • Enpresei zerbitzuak
    • Behatokia
  • Programak
  • Lea-Artibai
    • Lea-Artibai
    • Enpresa ehuna
    • Eskualde estrategia
  • Bezeroak
  • Kontaktua
  • Berriak
  • Dirulaguntzak
    • Industria & B2B dirulaguntzak
    • Txikizkako merkataritza dirulaguntzak
    • Turismoa dirulaguntzak
    • Ekintzailetza dirulaguntzak
    • Udalen dirulaguntzak
  • es

Arrantza-berrikuntza: FISHINN proiektuaren Foro Transnazionala Portugalen

Uztaila 2025 –

Leartibai Fundazioak arrantza berrikuntza jasangarriarekin duen konpromisoa indartzen jarraitzen du, 2025eko ekainaren 4tik 6ra Portugaleko hegoaldean egindako FISHINN Interreg Atlantic Area proiektuaren laugarren tokiko bisitan eta Foro Transnazionalean parte hartuz. Ekitaldia Sines Tecnopolok antolatu zuen, eta Portugal, Frantzia, Irlanda eta Euskal Herriko partzuergoko bazkideak zein arrantza ekosistemako eragile ugari bildu zituen.

Lehen egunean, ekainaren 4an, DOCAPESCAk Sesimbran dituen instalazioak bisitatu ziren, eta bertan, arrainaren enkante sistema zuzenean ikusi eta trazabilitate erronkei buruz eztabaidatzeko aukera egon zen. Arrantzale artisauekin topaketa bat ere antolatu zen, haien arrantza selektiboko metodoak ulertzeko. Geroago, Setubalen eta Sinesen, hainbat praktika aztertu ziren, hala nola kontsumitzaileari zuzenean saltzeko plataforma bat, ontzian eguzki energiaren erabilera, ostrak hazteko sistema eta errezeta tradizionalen berreskuratzea, hala nola egungo gustuetara egokitutako garuma (umami zaporeko arrain saltsa hartzitua).

Ekainaren 5ean, Leartibai Fundazioa eta Sines Tecnolopolo arduratu ziren Emaitzen Foro Transnazionala gidatzeaz. Espazio horretan, funtsezko gaiak landu ziren: belaunaldien arteko erreleboa arrantzan, teknologien ezarpena, ingurumen jasangarritasuna eta gobernantza kolaboratibo baten beharra. Gainera, ekosistemen aurkezpen saioan, proiektuko kideek aurkikuntzak eta tokiko erronkak partekatu zituzten, baita arrantza sektorerako praktika eta soluzio esperimental onenen adibide batzuk. Jardunaldiak Oceano Fresco-ko instalazioetara egindako bisitarekin jarraitu zuen, txirlen sailkapen eta kalitate kontroleko prozesuen erakustaldiarekin.

Azken egunean, ekainaren 6an, Olhão-ko IPMAko Akuikultura Pilotuko Estazioa bisitatu zen, haztegia eta larbak hazteko eta gizentzeko tangak ikusteko aukera izan zen. Bertan, Europako urraburua eta lupia ugaltzeko, larbak garatzeko eta gizentzeko saiakuntzak egiten dira, azaleratzen ari diren espezieekin batera, hala nola urraburua (dorada ensillada), magroa, mihi-arraina eta uharka.

Jardunaldia Faron amaitu zen, Necton mikroalgak ekoizten eta eraldatzen dituen enpresa bisitatuz. Akuikulturan zein itsas ikerketan lan egiten dute.

Etorkizunari begira

FISHINN proiektuaren partzuergoak arrantza-sektorean berrikuntzarako eta transferentziarako eskualdeko ibilbide-orri bat bultzatzeko asmoa berretsi zuen, bai eta Atlantikoko kostaldean zehar prestakuntza-jarduera eta in situ erakustaldi-proiektu berriak sustatzekoa ere, lurralde bakoitzeko tokiko bazkideekin lankidetzan. Portugalgo esperientziak ezagutzak eta soluzio berritzaileak trukatzeko ez ezik, ETEen, ikerketa zentroen eta portuko agintarien artean funtsezko aliantzak ehuntzeko ere balio izan du.

FISHINN Lea-Artibai eskualdean

“INNOVATION ROADMAP FOR LOCAL FISHERIES ECOSYSTEMS RECOVERY” izenpean, Ondarroa, Lekeitio eta Lea-Artibaiko arrantza-hornikuntzaren katean berrikuntza-aukerak sustatzeko asmoz hasi zen proiektu hau. Orain, jardunbide egokien roadmap-a definitzen ari gara, horien bideragarritasuna aztertuz, sektorearekin eta Euskal Herriko beste eragile batzuekin elkarlanean.

Eskerrak eman nahi dizkiegu bidaia honetan gurekin presentzialki egon izan ezin badute ere, onlin konektatu diren gure inguruko enpresa eta erakundeei. Eskerrik asko KARDALA, LEARTIKER, GALP eta ONARE, zuen inplikazioagatik eta interesagatik.

Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatzen duen proiektu hau “Blue Innovation and Competitiveness” lehentasunaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia tokiko arrantza-ekosistemen eta hornikuntza-kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea da Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz.

Informazio gehiago nahi izanez gero ondorengo web orrialdean aurkitu daiteke:

FISHINN PROJECT
Aurrekoa
Gurekin hitzegitea gustatuko litzaizuke?
Xemein Etorbidea, 12-A
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Markina Xemein (BIZKAIA)
946169172
kaixo@leartibaifundazioa.eus
© Leartibai Fundazioa 2025 | All Rights Reserved