
Urria 2025 –
Leartibai Fundazioak arrakastaz ospatu zuen Lea Artibai Fest jaialdiaren zazpigarren edizioa, urriaren 18tik 26ra, eskualdeko hainbat herritan. Bi asteburu horietan, eskualdean hain ezagunak ez diren baliabide natural, kultural eta gastronomikoei balioa emateko diseinatutako jarduera batzuk antolatu ziren, eskualdeko nortasunera modu ludikoan eta erlaxatuan hurbiltzeko.
Guztira, 125 pertsona hurbildu ziren jaialdiko jardueretan parte hartzera, ez bakarrik Lea-Artibai eskualdekoak, baita Bilbo, Getxo, Gasteiz, Urnieta, Zornotza, Sopela eta Durangokoak ere, besteak beste.
Parte hartzaileek geologia, kultura eta gastronomia konbinatzen zituen eskaintzaz gozatu ahal izan zuten zazpi jarduera ezberdinen bidez. Jasangarritasunaren eta mugikortasun arduratsuaren garrantzia azpimarratuz, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu zieten parte hartzaileei, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako “Bizkaia Mugitu” leloarekin bat eginez.


Lehen asteburua: Tokiko kultura, geologia eta gastronomia
Jaialdia urriaren 18an hasi zen, Lekeition, Julian Arratek gidatutako Txakolin eta Isabel II.a Ibilbidearekin. Jarduerak tokiko ondareari buruzko ikuspegi interesgarria eskaini zuen, eta, ondoren, Atea tabernan geldialdi bat egin zen, hartzaileek indarrak berreskuratu zitzaten.
Arratsaldean, Ondarroako mural ospetsuetan zehar bisita eskaini zuen bertako Turismo Bulegoak. Ondoren, Sirimiri tabernan bertako produktuen dastaketa egin zuten, inguruko gastronomiaren onena dastatzeko aukera paregabea.
Hurrengo egunean, urriaren 19an, parte hartzaileak Ispasterko Herriko Tabernan bildu ziren eta “hamarretako” eder bat dastatu eta gero, Ekobideko gidariekin batera, Ogeiara zuzendu ziren azalpenak entzun eta ibilbide geologikoaz disfrutatzen zuten bitartean.


Bigarren asteburua: Arrantza ondarea eta Errege Bidea
Urriaren 25eko asteburua arrantza-aberastasunari eta Errege Bidearen historiari eskaini zitzaion. Larunbat goizean, neskatilek lagunduta, parte hartzaileek Ondarroako portuko lonjan nola lan egiten den ezagutzeko aukera izan zuten, eta bisitaren amaieran arrain dastaketa bat egin zuten.
Arratsaldean, Ekobideakek gidatuta, Ondarroa eta Berriatua lotzen dituen Errege Bidearen bisita eskaini zuten, Zentrala tabernan bertako sukaldaritza onenaren dastaketa batekin batera.
Urriaren 26an Arretxinaga (Markina-Xemein) bisitatu eta hainbat bitxikeria deskubritzeko aukera izan zuten Gontzal Hernandoren eskutik eta ondoren, Pilotaren Unibertsitatera eraman zituen bertaratutakoak zesta puntako zuzeneko partida zirraragarri bat ikus zezaten.
Bukatzeko, Urko ibaian barrena egindako ibilbide batek Antsotegiraino (Etxebarria) eraman zituen parte-hartzaileak. Ondare garrantzitsua jasotzen duen paraje horren inguruko historiari eta kulturari buruzko azalpen interesgarriak jasotzen zituzten bitartean, tokiko produktuak dastatu ahal izan zituzten, Lea-Artibain ekoiztutako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatzen duen “Hamen Bertokoa” ekimenari esker. Jaialdian dastatutako produktu guztiak Hamen Bertokoa proiektukoak izan ziren, ekitaldiak tokiko ekonomiarekin eta elikagaien jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartuz.
Arratsaldean, eta Lea Artibai Fest jaiari amaiera emateko, helduek eta haurrek Lekeition eskaini zen estanpazio tailer batean parte hartu zuten, Arraguaren eskutik.



Ekimen arrakastatsua
Arrakasta handia izan du Lea Artibai Fest jaialdiaren zazpigarren edizioak. Jarduerak webgunean argitaratu eta denbora gutxira agortu izanak, publikoaren interes handia eta harrera ona islatzen ditu. Halaber, antolatzaileak oso pozik agertu dira hornitzaileen erantzunarekin ere, ekitaldi berezi honen antolaketan emandako laguntzagatik.
Lea Artibai Fest Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) eta Eusko Jaurlaritzaren (EJ-GV) lankidetzari esker antolatu ahal izan da, eskualdeko ondarea sustatzen eta zabaltzen lagunduz.