Urria 2025 –
Azken asteetan, Leartibai Fundazioak ekonomia urdinaren eta arrantza jasangarriaren sektorerako funtsezkoak diren nazioarteko bi ekitalditan parte hartu du. Lehenik eta behin, irailaren amaieran, Blue Zone Forum 2025 foroan izan zen, Cadizen, FISHINN Interreg Atlantic Area proiektu europarraren esparruan, eta, bestalde, duela gutxi Vigoko Conxemar Azokan egon da, arrantza, handizkari eta eraldatzaile sektorerako mundu mailako topaketa garrantzitsuenetako batean.
Blue Zone Forum 2025 – FISHINN Interreg Atlantic Area
Cadizen ospatu zen Blue Zone Forumak sektoreko adituak eta erakundeak bildu zituen ekonomia urdinaren esparruan harremanak sendotzeko topagune bat sortuz. Leartibai Fundazioa Sines Tecnopolo FISHINN proiektuko bazkidearekin batera izan zen bertan.
Tokiko arrantza ekosistemak berreskuratzeko berrikuntzarako bide orri bat garatzea helburu duen FISHINN proiekturako aukera baliotsua izan zen ekitaldi hau, berrikuntzak identifikatu eta aliantza estrategikoak indartzeko, besteak beste.

Conxemar 2025: Berrikuntza eta jasangarritasuna arrantza industria globalaren bihotzean
Bestalde, oraintsu Vigon ospatu den Conxemar – Itsasoko Produktu Izoztuen Nazioarteko XXVI. Azoka, mundu mailako arrantza merkatuaren azken joerak eta estrategiak ezagutzeko erakusleihoa da. Conxemar arrantza-industriako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta sektoreko funtsezko eragileak biltzen ditu, handizkariak eta eraldatzaileak barne, azken berrikuntza eta praktika jasangarriak erakusteko.
Azokan zehar, Leartibai Fundazioak erakunde garrantzitsuekin harremanak estutzeko aukera izan zuen, besteak beste, Carlos Botana Lagarón Vigoko Portuko presidentearekin. Etorkizunean lankidetzan aritzeko aukerak aztertu zituzten elkarrekin.
Gure eskualdeko ordezkariak ere izan ziren azokan, hala nola Pescados Llorenteko Esther Llorente eta Arrankobako Txomin Lasarte bisitatu genituen, Basque Country espazioan stand propioarekin egon zirenak.



Arrantza sektore lehiakorragoa eta jasangarriagoa sustatuz
Honelako ekitaldietan presentzia bermatzeak Leartibai Fundazioak eskualdeko arrantza sektorea indartzeko duen konpromisoa islatzen du, lehiakortasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatuz. Fundazioaren etengabeko lanak, tokiko eta Europako eragileekin lankidetzan, etorkizuneko erronketara egokitutako arrantza industria indartsuagoa finkatzea du helburu.
FISHINN Interreg Atlantic Area proiektuak funtsezko pieza izaten jarraitzen du prozesu honetan, tokiko arrantza ekosistemen jasangarritasunerako soluzio berritzaileen ikerketa eta garapena sustatuz.