Iraila 2024
Udazkenean, goi-denboraldia amaitu ondoren, eta dagoen argia aprobetxatuz, prentsa-bidaiak egiteko unerik egokiena sortzen da. Bidaia horiek gure baliabideak, kultura, ondarea, nortasuna eta enpresak bertatik bertara ezagutarazteko helburuarekin egiten dira, eta gure eskualdean arnasten den giroa bizitzeko ere balio dute.
Lea Artibai Turismotik zaila da hedabideetara heltzea, batez ere nazioartekoak badira; hori dela eta, jarduera horiek Basquetour (Turismoaren Euskal Agentzia) edo BFAren eskutik egiten dira batez ere, testuinguru zabalago batean, eta, oro har, gaika, Bizkaiko eta Euskadiko baliabideak ezagutarazteko.
Horrela, irailaren 20an, BFAko Turismo Sailaren bitartez, gure inguruan oso ezaguna den VIAJAR aldizkariko talde baten bisita jaso zuen gure eskualdeak. Gaia landa-turismoaren eskaintzan oinarritu zen, baina eskaintza hori Bizkaiko alderik benetakoena eta tradizionalena bezala ulertuta. Hori dela eta, taldeak Lea-Artibain Santa Katalina itsasargia, Lekeitioko portua eta Jasokundeko Andre Mariaren Basilika bisitatu zituen, eta, ondoren, Lea Ibilbidearen bidea hartu zuen autoz, Munitibarrera iritsi arte. Han, Garro nekazalturismoan hartu zuten ostatu. Afaria Etxebarrian izan zen eta bertan gure iragan industriala eta Markina-Xemeingo ondarea azaldu zizkieten. Hurrengo egunean, Durangaldera joan aurretik, Ziortzako monasterioa bisitatu zuten.
Bigarren bisita irailaren 23an izan zen, Basquetourren eskutik, Iparraldeko Done Jakue Bidea erakusteko helburuarekin. Oraingo honetan, Italiako hiru komunikabideek bisitatu zuten gure eskualdea, Milango OETn bitartez.
Deba Barrenetik etorrita, Arretxinaga eta Markina-Xemeingo hilerria bisitatu zituzten, eta ondoren zesta-punta entrenamendu bat ikusi ahal izan zuten. Santi Olabek kirol horren sekretuak azaldu zizkien. Alde Zaharrean paseo labur bat egin ondoren, Antsotegi Hotelera joan ziren. Han, ostatu hartutako erromesekin hitz egin ahal izan zuten, eta bideaz zituzten inpresioak ezagutu zituzten. Hurrengo egunean Ziortzako monasterioa eta Munitibar bisitatu zituzten, ondoren Gernika eta Urdaibairako bidea jarraituz.
Baliabide horien irismena oso zabala denez, ezinbestekoa da eskaintzen zaien esperientzia ahalik eta atseginena, benetakoena eta bereiziena izatea. Parte hartu zuten hedabideek, besteak beste, honako hauek nabarmendu zituzten: Lea-Artibain arnasten den lasaitasuna, euskara une oro entzun ahal izatea, gure iraganarekiko eta tradizioekiko lotura, Arretxinagak sortzen duen harridura edo Ziortzaren handitasuna… Eta, jakina, daukagun produktu-gastronomia. Izan ere, gazura erosi zuten etxera eramateko.