Urtarrila 2025
Energia berriztagarrien sektorean berrikuntza soziala sustatzen duen SIreNERGY proiektuak, aurrera darrai Europan trantsizio energetiko inklusiboa sustatzeko misioan. Urtarrilean, partzuergoak bere laugarren landa-bisita (field visit) burutu du Errumanian, aurretik Bizkaia (2023ko ekaina), Suedia (2024ko otsaila) eta Polonia (2024ko ekaina) ere bisitatu dituzte. Maiatzean ekimen honetako bazkideak Bulgariara joango dira, zehazki Varna hirira, SIreNERGY proiektuaren bosgarren eta azken landa-bisita egingo dute bertan.
Iasi hirira egin berri den bisitan (Errumaniako populazio handienetako bat duena), proiektu honetan parte hartzen dugun 7 erakundeok energia berriztagarrien bidez Errumaniako landa ingurunean pobrezia energetikoan bizi diren familiei eta inguruneei laguntzeko proiektuetan oinarritutako 4 praktika on gertutik ezagutzeko aukera izan genuen. Proiektu honetan parte hartzen dugun euskal erakundeak, Leartibai Fundazioa eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Ondarroako energia berriztagarrien enpresa bateko eta Berriatuako Udaleko ordezkaritza bat izan genuen bidelagun bidaia honetan, beraiek ere praktika onak bertatik bertara ezagutu zitzaten:
Parke fotovoltaikoa – Miroslava komuna (Europak finantzatuta)
Miroslava komunak parke fotovoltaiko bat bultzatu du bere beharrizan energetikoei aurre egiteko. 5 hektarea hartzen dituen instalazioak, megawatt bat ekoizten du eta 300.000 euro aurrezten ditu urtean, argiztapen publikoan lagunduz eta tokiko enplegua sortuz. Proiektu horri esker, udalerria elektrizitate ekoizlea da eta sare nazionalean parte hartzen du, gainera, bigarren parke bat eraikitzea planifikatu du eskariaren igoerari erantzuteko
Parke fotovoltaikoa – Ion Neculce komuna (Europak finantzatuta)
Ion Neculcek parke fotovoltaiko bat ezarri du komunitatearen energia kontsumoari aurre egiteko diseinatua, bereziki argiteria publikoari dagokiona. Komunak bere egoitza ere eguzki panelekin birgaitu du, energia kontsumoaren % 80 murriztuz. Gainera, medikuentzat eta hezitzaileentzat zerbitzu etxebizitzak sortzen ari dira, horrela, tokiko azpiegitura eta zerbitzu publikoak hobetzea ahalbidetuz.
Moldavia ibaiko mikrozentral hidroelektrikoa, Roman udalerria (Europak finantzatuta)
Moldavia ibaiko mikrozentral hidroelektrikoak Romanen argiteria publikoaren beharrak erabat asetzen ditu. 580 kW-ko edukierarekin, zentralak altuera txikiko bi turbina erabiltzen ditu, eta energia jasangarriaren ekoizpena lortzeko tokiko partehartzearen adibidea da. Proiektu honek tokiko garapen ekonomikoari ere laguntzen dio eta komunitate energetikoak sustatzen ditu.
Energia Kooperatibaren aurkezpena
Energia Kooperatiba energia berriztagarriak sustatzen dituen Errumaniako erakunde bat da eta komunitateak gaitzen ditu beren energia beharrak kudeatzeko. Prezio gardenak eskaintzen ditu eta energia garbiko proiektuetan kideen parte hartze aktiboa sustatzen du. Eredu deszentralizatu horrek komunitateak ahalduntzen ditu eta energia enpresa handiekiko mendekotasuna murrizten du.
Interreg Europe programaren baitan kokatzen den SIreNERGY proiektuak, Europako hainbat erakunde bildu ditu energia berriztagarria gizarte ekintzarekin konektatuko duten irtenbide berritzaileak aztertzeko eta inplementatzeko. Ikuspegia talde kalteberentzat energia garbiak eskuratzea eta tokiko enplegua sortzea sustatuko duten elkarlaneko negozio eredu jasangarriak sortzean oinarritzen da egitasmoa.
Proiektu honetatik behin eta berriz ateratzen den ondorio nagusia da gizarte-eragileak hasieratik inplikatu behar direla energia berriztagarriekin lotutako edozein ekimenen garapenean. Funtsezkoa da proiektua elkarlanean eraikitzea, eragina izango duen komunitatearen kezka eta erantzukizunak hasieratik ezagutuz eta ulertuz, eta ez amaitutako proiektu bat aurkeztea, haren iritziak eta beharrak aintzat hartu gabe. Ikuspegi parte-hartzaile horrek gizarteak hobeto ulertuko eta onartuko duen instalazioa bermatzen du.