Urtarrila 2025 –
Urtarrilean, FISHINN proiektuaren esparruan, Leartibai Fundazioak Bretainia bisitatzeko aukera izan du, arrantzaren sektoreko beste enpresa pribatu, eragile eta elkarte batzuekin batera. Bidaia honetan gurekin izan dira GALP eta Itsas Garapen Elkartea euskal enpresa eta erakundeak, eta gure eskualdeko Lekeitioko Udala, Ondarroako Udala, Arrankoba, Pescados Llorente eta ONARE.
Bisita horiek (landa-bisitak edo field visit) FISHINN bezalako ekimen europarren parte garrantzitsua dira, praktika onak partekatu eta Europa osoko elkarte eta enpresen artean harremanak sortzea ahalbidetzen dute eta. Horregatik, 2024ko martxoan Lea-Artibai eskualdean lehen bisita egin ondoren, eta urte horren erdialdean Kerry konderrira (Irlanda) beste bisita bat egin ondoren, ekimen europar horretako bazkideak Frantziako Bretainian izan dira, hirugarren landa-bisita egiten.
Bretainiako praktika onak eta berrikuntza-proiektuak
Ekonomia urdinaren inguruan garapen ekonomikorako bide berriak aurkitzeko asmoz, proiektuko bazkideentzat eta FISHINNen parte hartzen duten herrialdeetako sektoreko enpresa eta eragileentzat topagune bilakatu da Bretainiara egindako bisita: Alentejo (Portugal), Muster (Irlanda) eta Bretainia (Frantzia).
Bisita honek interes handia sortu du gure eskualdean eta baita beste herrialdeetan ere, guztira 30 bat pertsona elkartu gara Quimper-en, sektorearen egoera eta etorkizuneko aukerak eztabaidatzeko.
Lau egunetan zehar Saint-Guénolé, Guilvinec eta Concarneau portuak bisitatu ditugu, baita Bretainia inguruko hainbat praktika on ere:
Tech Sea Lab
Jatorrizko printzipio aktiboak modu likidoan, solidoan edo kreman garatzea, zorrotz hautatutako Finisterreko hegoaldeko muturretik datozen lehengaietatik abiatuta. Produktu bukatuak formulatzea, batez ere nekazaritza-merkaturako, baina baita ongizatearen eta nutrizioaren merkatuetarako ere.
Les Paniers de la Mer
Lehen eraldaketarako saldu ez den arraina erabiltzen duen eta elikagai-bankuei handizka saltzen dien gizarteratze-elkartea. Eraldaketa tailerrak sozialki ahulak diren populazioak erabiltzen ditu.
Haliotika
Itsas arrantzari eskainitako zentro honek murgiltze-bisitak, tailerrak eta sektorearen berrikuntzei eta erronkei buruzko ezagutzak eskaintzen ditu. Horrez gain, hainbat aurkezpen ere izan genituen. Arrantza sektoreari lotutako tokiko elkarteak eta proiektu berritzaileak ezagutu genituen, hala nola, ontzien deskarbonizazioa, arrantza sektoreko langileei zuzendutako arriskuen kudeaketarako aplikazio bat eta itsas ekosistemetan ingurumen inpaktua murrizteko arrantza tresna biodegradagarriak garatzen ari diren proiektu bat.
FISHINN Lea-Artibai eskualdean
“INNOVATION ROADMAP FOR LOCAL FISHERIES ECOSYSTEMS RECOVERY” izenpean, Ondarroa, Lekeitio eta Lea-Artibaiko arrantza-hornikuntzaren katean berrikuntza-aukerak sustatzeko asmoz hasi zen proiektu hau. Orain praktika onak identifikatu eta ideiak baloratzea dagokigu, baita horien bideragarritasuna aztertzea ere. Eta horretarako, sektorearekin eta Euskal Herriko beste eragile batzuekin batera lanean jarraituko dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu bidaia honetan gurekin izan diren enpresa eta erakundeei: Lekeitioko Udala, Ondarroako Udala, Arrankoba, Pescados Llorente, ONARE, Itsas Garapen Elkartea eta GALP; baita proiektuaren antolatzaile eta bazkideei ere: Pôle Mer Bretagne Atlantique, Technopole Quimper Cornouaille, Sines Tecnopolo eta Munster Technological University.
Interreg Atlantic Area 2021-2027 programak finantzatzen duen proiektu hau “Blue Innovation and Competitiveness” lehentasunaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusia tokiko arrantza-ekosistemen eta hornikuntza-kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea da Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz.
Informazio gehiago nahi izanez gero ondorengo web orrialdean aurkitu daiteke: https://fishinnproject.eu/