
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (Euskadi 2030) bildutako espezializazio-esparruetan ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak, lehiakorrak zein estrategikoak, egiten laguntzeko oinarriak ezartzea eta laguntza-programa deitzea.
Erakunde Onuradunak
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan daitezke:
- Enpresak: Enpresa Handiak edo ETEak.
- Enpresa-taldeak eta -elkarteak, legezko forma edozein dutela ere.
Diruz Lagun daitezkeen Proiektuak
Araubide honen xedea da diruz lagundu daitezkeen proiektu-tipologia hauei laguntzak ematea:
- Izaera lehiakorreko ikerketa eta garapen esperimentaleko proiektuak:
- Proiektu lehiakortzat hartuko dira produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzera bideratutako edo lehendik daudenak nabarmen hobetzea ahalbidetzen duten ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak.
- Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-arlo zientifiko-teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (Euskadi 2030) espezializazio-eremuen barruan egon beharko dira.
- Diruz lagundu daitezkeen proiektuak banaka edo bi erakunde onuradunen edo gehiagoren arteko lankidetzan gauzatu ahal izango dira.
- Proiektu batek dirulaguntza jaso ahal izateko, 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko du urteko, gutxienez, eta lankidetza-proiektua bada, 50.000 euroko aurrekontua, gutxienez, enpresa parte-hartzaile bakoitzeko.
- Industria-ikerketako eta garapen esperimental estrategikoko proiektuak:
- Euskadi 2030 Zientzia, Tekno Logia eta Berrikuntza Planaren Espezializazio Eremuetan jasotako proiektu estrategikotzat hartuko dira, lankidetza publiko-pribatua sustatzen dutenak.
- Proiektu batek dirulaguntza jaso ahal izateko, 4.000.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko du, gutxienez, eta hiru urtekoa, gehienez.
- Proiektuak lankidetzan garatuko dira, enpresa-taldeek osatuta, eta gutxienez 3 enpresak osatuko dituzte. Enpresa parte-hartzaile bakoitzeko urteko gutxieneko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da.
Diruz Lagun daitezkeen Gastuak
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira honako hauek:
- Langileen zuzeneko kostuak: ikertzaileak, teknikariak eta erakunde eskatzailearen plantillako bestelako langile laguntzaileak.
- Zeharkako kostuak: Ikerketa eta Garapeneko proiektuan diruz lagun daitezkeen langileen zuzeneko kostuen % 15, gehienez.
- Kanpo-aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostua, eta proiektuaren zati oso espezializatuak azpikontratatzea.
- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak azpikontratatzearen kostuak
- Proiektura soilik bideratutako aholkularitza-kostuak eta zerbitzu baliokideak.
- ETEentzako jabetza industrialeko eskubideen kostuak.
- Ustiapen-gastuak (hala nola materialen, horniduren eta abarren kostuak).
- Ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen diren tresnen eta ekipoen kostuak.
Laguntzen Zenbatekoa
Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen mugak honako hauek izango dira:
- Izaera lehiakorreko proiektuetarako:
- Ikerketa industrialeko proiektuetarako: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 arte.
- Garapen esperimentaleko proiektuetarako: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25 arte.
- Nolanahi ere, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 500.000 eurokoa izango da erakunde onuradun bakoitzeko eta urte bakoitzeko.
- Proiektu estrategikoetarako:
- Industria-ikerketako proiektuetarako: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 gehienez, funtsezko ebaluazio-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
- Garapen esperimentaleko proiektuetarako: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25 arte.
Dirulaguntzaren Ordainketa
Dirulaguntza erakunde onuradunei ordainduko zaie zuzenean, zatika, honela:
- Izaera lehiakorreko proiektuetarako:
- Emandako dirulaguntzaren % 70, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.
- Dirulaguntzaren gainerako % 30a ordaintzeko, aldez aurretik dagokion jarduera egin dela egiaztatu beharko da agiri bidez.
- Proiektu estrategikoetarako:
- Lehenengo urteari dagokion dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da.
- Azken urteari dagokion azken % 50a ordaintzeko, gainera, ekitaldi horretako jardueraren azken likidazioa egin beharko da, bai eta memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta proiektua osorik bete dela justifikatu ere.
Gauzatze Epea
Dirulaguntzak urtekoak izango dira izaera lehiakorreko proiektuetarako, eta urte anitzekoak, proiektuaren iraupenaren arabera, izaera estrategikoko proiektuetarako; gehienez ere, 3 ekitalditarako izango dira.
Justifikazio Epea
Proiektua gauzatu eta hurrengo ekitaldiko lehen bi hilabeteetan justifikatu beharko da dirulaguntza.