
Otsaila 2025 –
“Enpresa-inbertsio berritzaileak, enplegu berdeak eta erronkak eremu despopulatuak biziberritzeko” ikasketa ekitaldia (learning event) egin zuen Leartibai Fundazioak joan den otsailaren 12an, Europako SYSTOUR programaren barruan.
Ekitaldiaren ardatz nagusia Euskadiko hiru enpresa-jardunbide egokiren aurkezpena izan zen, besteak beste turismo jasangarria sustatzera bideratutako eremuak biziberrituko dituzten jarduerak eta enplegu berdeak sortzea helburu dutenak: Crusoe Treasure, Gaztaren ibilbidea eta Urdaibaiko Helmuga Turistiko Adimenduna.

Crusoe Treasure, proiektu disruptiboa
Borja Sarachok, Crusoe Treasure urpeko upategiaren sortzaileak, ardoaren munduan erabat disruptiboa den proiektu hau aurkeztu zigun. Ardoek itsas hondoan nola eboluzionatzen duten ikusteko asmoz, Sarachok euskal kostaldea urpean igeri egiteari ekin zion, upategi baten tenperatura-baldintza bertsuak zituen puntu bat aurkitu arte. Lehenengo modulua urperatu eta 10 urtera, proiektua gaur egun urpeko upategi finkatu bat da, kalitate handiko itsaspeko 10 ardo dituena, zuriak zein beltzak, eta egunetik egunera itsaspeko ezagutza aberasten duena.
Proiektu hau Euskal Herriko ardo-ekoizle txikiek bultzatzen dute eta berrikuntza teknologikoa eta tokiko tradizioen babesa uztartzea du helburu. Gainera, erakarpen turistiko gisa funtzionatzen dute. Mundu osoko bisitariak joaten dira itsasoa eta ardoa binomio berezi honetan nola elkartzen diren ikustera.

Idiazabal Gaztaren Ibilbidea – GR283
Leire Arandiaren eskutik ezagutu genuen bigarren jardunbidea. Idiazabal Gaztaren Ibilbidearen arduraduna da bera eta Koop ERRO Elkarte Txikiko kide da. Zerbitzu turistikoen enpresa txiki bat da, eta Ordiziako D ‘elikatuz zentroa eta Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa kudeatzeaz gain, Idiazabal Gaztaren Ibilbidea (GR283) ere badu bere produktu garrantzitsuenen artean, duela gutxi Espainiako Ibilbide Gastronomiko Onenaren saria jaso duen pakete turistikoa.
Proiektu hau 2014an sortu zen, 6 etapako ibilbide zirkular bat sortuz, Gipuzkoako 3 eskualdetan zehar doana eta guztira 95,7 kilometroko luzera duena. Idiazabal gaztaren ekoizpen zikloa hasieratik amaierara ezagutzeko aukera ematen du, ardi latxaren bazkarako gune diren Aralar eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaletatik hasita, gazta egiten duten gaztandegiak, merkatuak (bereziki Ordiziakoa), eta jatorrizko deitura ematen dion herriraino, Idiazabal. Ibilbide honek hainbat turismo mota konbinatzen ditu, hala nola turismo naturala, kulturala eta gastronomikoa.
Idiazabal Gaztaren Ibilbidea – GR283

Urdaibaiko Helmuga Turistiko Adimenduna
Irene Zuazok, Urdaibaiko Helmuga Turistiko Adimenduna (HTA) azaldu zigun, esperientzia turistikoa hobetzeko, helmugaren kudeaketa optimizatzeko eta garapen iraunkorra bermatzeko teknologia digitalak baliatzen dituena. Hori guztia gobernantzan, jasangarritasunean, irisgarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako etorkizuneko estrategia baten bidez egiten dute.
SEGITURen eskutik 2023an HTA programara atxikitu zenetik, Busturialdea-Urdaibaiko Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak eraldaketa-prozesu bati ekin zion, esperientzia turistiko berritzaileagoa, iraunkorragoa eta bidaiarien eta haien tokiko komunitatearen beharrekin konektatuagoa eskaintzeko.
HTA metodologia helmugan inplikatutako eragile publiko eta pribatuen lankidetzari esker ezarri ahal izan da. Izan ere, HTA baten funtsezko ardatzen multzorako, helmugaren ebaluazioa egiteko beharrezko informazioa ematen lagundu dute, 97 baldintza eta 261 adierazle oinarri hartuta. Informazio-hartze horri esker, helmugaren heldutasun-maila baloratu eta ekintza-plan bat proposatu ahal izan da, helmugak HTA bihurtzeko egin beharreko gomendioekin batera.
Helburua egoiliarren bizi-kalitatea eta turisten gogobetetzea hobetzea da, teknologia, irisgarritasuna eta iraunkortasuna integratuz.
Jardunaldiak interesa piztu zuen, jende askok parte hartu zuen eta modu aktiboan jarraitu zuten ekitaldia.
SYSTOUR programa: 2023.urtean abiarazitako programa europar honen helburua landa-eremuetan turismo jasangarria sustatzea da, eremu bakoitzeko turisten fluxuetan oreka bilatuz eta eremuak mugikortasun iraunkorraren, konektagarritasun digitalaren eta eremuak eskain ditzakeen esperientzien bidez lotuz.
