
Otsaila 2025 –
Otsailaren 11n Emakumea eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta azken urteetan egin ohi dugun moduan, aurten ere mahainguru bat antolatu dugu inguruko emakume zientzialariak gonbidatuta.
Mahainguru hau TALENTATU egitasmoan kokatzen da, besteak beste, bokazio zientifikoak bultzatzea helburu duen Kooperatiben Mahaia Elkarteak abiatutako proiektua, Leartibai Fundazioak dinamizatzen duena.
Horrela ba, otsailaren 13an, Lea Artibai Berrikuntza Gunean (Markina-Xemein) ospatu zen mahaingurura gonbidatu genituen Aizeti Burgoa eta Nahia Gartzia-Bengoetxea ondarrutarrak, Andreea Gabriela Erofei markina-xemeindarra eta Maite Tellatxea gernikarra. Aizeti, Leartiker Zentro Teknologikoko polimeroen arloko ikerlaria da; Nahia, Neiker ikerketa zentroko Baso Zientzien departamentuko ikerlaria; Andreea, Mancisidor enpresako mekanizazio-makinako langilea da; eta, Maite, elektrizista da eta Burdinola enpresako egurreko teknikari bezala lan egiten du.

Mahaiaren beste aldean, Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeko DBH2 mailako ikasleen ordezkaritza bat izan zen eta gainerako ikaskideek online jarraitu zuten ekitaldia: eskualdeko Berakruz Ikastola, Zubi Zahar Herri Ikastola eta Lekeitio BHI, eta Busturialdeko Barrutialde BHI, Bermeo BHI eta Urritxe BHI zentrokoak, hain zuzen ere.
Beraien ikasketei buruz hitz eginez eman zioten hasiera mahainguruari, zientziara iristeko modu bakar bat ez dagoela erakutsiz, izan ere, batzuek beren bokazioa adin goiztiarrean deskubritu zuten arren, beste batzuek interes pertsonalen eta jakin-minaren bidez aurkitu dute beren bidea, orain dauden tokira iritsi arte beste hainbat bide ibili ostean. Karrera zientifikoak eta teknologikoak beste diziplina batzuk baino konplexuagoak direla dioen ideia okerra ere zapaldu nahi izan zuten emakume zientzialariek, eta ikasleak beraiek nahi dutena ikastera animatu zituzten, ez diezaietela horrelako mito edo ideia okerri kasurik egin.

Hizkuntzen garrantzia ere jorratu zen mahainguruan. Aizeti eta Nahiak zentro teknologikoetako ikerlariak dira eta beraien lanetan elkarlana ezinbestekoa dela adierazi zuten. Horrela, mugaz gaindiko beste erakunde eta ikerlariekin etengabe lan egiten dute eta ingelesa ezinbestekoa da elkarrekin komunikatu ahal izateko. Gainera, zientziaren hizkuntza ingelesa dela nabarmendu zuten eta artikulu zientifikoak irakurri edota idazteko ezinbestekoa dela.
Karrera eta heziketa ziklo zientifiko eta teknologikoetan gero eta emakume gehiago dagoen arren, emakume ikasleen presentzia txikiagoa dela argi gelditu zen mahainguruan. Maite Tellaetxea gernikarrak egin zuen elektrizitate arloko zikloan emakume bakarra izan zen lehen urtean eta bi emakume bigarren urtean, eta Andreea markina-xemeindarrak bere esperientzia ere antzekoa izan zela azpimarratu zuen.
Gaur egun etorkizunera begira ari diren gazteei zuzenduta hainbat mezu bidali zituzten gonbidatuek baina batez ere, lanerako jarrera, esfortzua eta norberarengan sinistu behar dela azpimarratu zuten, eta ikasleek arreta handiz jarraitu zituzten esandakoak.

TALENTATU
2008. urtean sortu zen Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Markina-Xemeingo Laboral Kutxa eta Maier kooperatibek osatzen duten Kooperatiben Mahaia Elkartea. Leartibai Fundazioak dinamizatzen duen mahai honek 2017an TALENTATU izeneko proiektua abiarazi zuen eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean gauzatzeko. Gaur egun hainbat ekintza burutzen dituzten ikasturtean zehar proiektu honen baitan, ZTIM bokazioak sustatzeko eta talentua sortu, mantendu eta erakartzeko asmoz. 18 ikastetxetako 1.300 ikasle baino gehiagok parte hartzen duten ekintzetan.
