
Martxoa 2025 –
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren eta Eskualdeko Lehiakortasun Programaren esparruan, Leartibai Fundazioak SALBIDE proiektua abiatu du, Bizkaiko enpresen lan komertziala profesionalizatzeko, merkatuaren dibertsifikazioa sustatzeko eta merkataritza estrategien bidez lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
Egitasmo honen helburua negozio aukera berriak identifikatzea eta bezeroen dibertsifikazioa zabaltzea da. Horretarako, Bizkaiko ETEei beren lan komertziala tresna praktikoen bidez egituratzen eta optimizatzen laguntzen zaie, eta, gainera, bezero potentzialekin elkarrizketak hitzartzeko laguntza ere eskaintzen da.
Horretarako, aholkularitza-enpresa adituen laguntzarekin, lehenik eta behin merkatua hobeto segmentatzen da eta segmentu egokiak aukeratzen dira. Ondoren, balizko bezeroen datu-basea sortzen da eta interesgarriak diren enpresekin harremanetan jarri eta bilerak hitzartzen dira. Gainera, batzar horiek prestatzeko laguntza ere eskaintzen da programa honen bitartez.
Berrikuntza gisa, aurten proiektua merkatu nazionaletara zein nazioartekoetara bideratzeko aukera egongo da, eta, horrez gain, marketineko eta sare sozialetako beste jarduera batzuk ere egingo dira.
SALBIDE industria-sektoreko enpresei, industriari lotutako zerbitzuei, garraioari eta Bizkaiko handizkako merkataritzari zuzenduta dago, baldin eta merkataritza-sailean baliabide gutxi badituzte eta merkataritza-prozedurarik ezarrita ez badute.
Proiektuan sakontzeko eta ETEen eskura jartzen dituen zerbitzuei buruz hitz egiteko, Leartibai Fundazioak webinar bat eskaini zuen martxoaren 13an.
SALBIDE programan eskuragarri dauden zerbitzuak:
Aurtengo programak bi ekintza-ildo nagusi eskaintzen ditu, lurralde-eremuaren arabera bereizita, bai eta marketinera bideratutako hirugarren zeharkako ildo bat ere.
Salbide Lokala
Enpresei merkatu lokalean eta hurbilenean laguntzeko zerbitzua (eremu nazionala), aholkulari adituen zerbitzuen bidez.
Ikuspegi horri esker, enpresek merkatu nazionalean duten presentzia sendotu ahal izango dute, beren behar espezifikoetara egokitutako laguntza hurbila eta pertsonalizatua jasoz:
• Bezero potentzialen prospekzio estrategikoa: eskaintzarekin lotura handiena dutenak identifikatuz.
• Balio-proposamen segmentatuak diseinatzea: xede-publiko bakoitzaren behar espezifikoetara egokituak.
• Balio proposamen berriarekin lerrokatutako komunikazio elementuak: mezu argia, erakargarria eta eraginkorra ziurtatuz.
Salbide Nazioartekoa
Muga nazionaletatik harago hedatu ahal izateko laguntza zerbitzua: nazioarteko merkatuetan negozio aukerak identifikatu eta kanpo merkataritzan eta nazioartekotze estrategietan aholkularitza espezializatua.
Lan metodoa Salbide Lokaleko berdina da, baina nazioarteko estrategietara bideratuta.
Webinarrak eta tailerrak
Bizkaiko ETEei merkataritza eta marketin estrategia hobetzen laguntzeko, parte hartzen duten enpresen lehiakortasuna indartzeko webinarrak eta tailerrak emango dira programaren barruan.
Maiatzaren 16a (presentziala). Merkataritza Prozeduraren Ekintza Plana (Batera Consultores): prozedura komertzialaren faseak, bezeroak erakartzeko eta kudeaketa optimizatzeko aspektuetan zentratuz.
Azaroaren 7an (online). Aurkeztu zure enpresa arrakastaz (IETEAM): enpresa txiki eta ertainen marketin behar nagusiei erantzuteko diseinatutako webinar praktikoa. Komunikazioa eta posizionamendua hobetzeko tresnak eta estrategiak emango dira.
Zeharkako laguntza marketinean
Parte hartzen duten enpresak Marketinaren arloan sentsibilizatzeko, tokiko zein nazioarteko mailan, laguntza zerbitzu bat ere eskainiko da. Marketin gaitasunak hobetu ahal izateko, bezeroak erakartzeko eta mantentzeko gaitasuna indartzeko, eta beren produktuak eta zerbitzuak hainbat merkatutan eraginkortasunez kokatzeko, enpresek marketin arloko trebetasun aurreratuak garatuko dituzte.
SALBIDE
Ekimen hau Bizkaiko 11 agentziarekin lankidetzan gauzatzen da (Ermua, Arrigorriaga, Durangaldea, Enkarterri, Gernikaldea, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea, Nerbioi, Orduña eta Txorierri) eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek diseinatutako Bizkaia Orekan Sakonduz Estrategiaren barruan kokatzen da. Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko laguntzaren bidez diruz laguntzen da; horregatik, ekimen hau erabat doakoa da parte hartzera animatzen diren enpresentzat.

