
Apirila 2025 –
Apirilaren 28an, Bizkaiko Foru Aldundiak BEAZekin elkarlanean antolatutako Bizkaia Orekan Sakonduz urteko topaketan izan zen Leartibai Fundazioa. Eskualdeko eta erakundeetako eragileak estrategia partekatu baten inguruan biltzeko asmoz sortutako Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoak, Bizkaiko hamabi eskualdeen lehiakortasun jasangarria bultzatzea, industriaren lehiakortasunaren aldeko apustutik abiatuta pertsona guztiei ongizatea emango dien lurralde-garapen orekatua sustatzea du helburu.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eman zion hasiera ekitaldiari, eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Cristina Múgica Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusia eta Olatz Goitia Beaz Bizkaiako zuzendari nagusia ere bertan izan ziren.
Elixabete Etxanobek oso balorazio positiboa egin zuen Ekonomia Sustatzeko Sailak industria enpresei eta horiei lotutako zerbitzu-enpresei zuzendutako programen inguruan. Hauen helburua lurralde oreka zaintzea eta Bizkaiko 12 eskualdeetan aukerak eskaintzea da. 2015 eta 2024 artean egindako 4.500 proiektu baino gehiago aipatu zituen, baita Orkestrarekin lankidetzan egin den eskualde-diagnostikoa ere. Lanketa horrek Bizkaiko eskualdeak lau taldetan sailkatzen ditu eskualde horietan industriak eta zerbitzu aurreratuek duten garrantziaren arabera. Txorierri da eremu horietan pisu handiena duen eskualdea, Euskadiko Parke Teknologikoko Bizkaiko campusa eta inguruko enpresa-parkeei esker. Bestalde, Lea-Artibai eskualdea, Durangaldearekin, Mungialdearekin eta Meatzaldearekin batera, industria-pisu handia eta zerbitzu aurreratuetan pisu ertaina duen taldean kokatzen dira.

Bizkaia Orekan Sakonduz
Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiak eskualdeko lehiakortasuna bultzatzen du Bizkaian, beren eskualdeetan hurbileko eragile gisa jarduten duten 23 agentzia eta garapenerako toki entitateko sare baten bidez*. Sare horrek 112 udalerri hartzen ditu, Bilbo kenduta, eta eskualdeen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen du, lurralde garapen orekatuago batera bideratutako maila anitzeko gobernantza batekin.
Orekan Sakonduz Bizkaiko eskualde-garapeneko agentziek funtsezko zeregina dute 2I edo 3I, Suspertze Digitala edo Enpresa Berdea bezalako laguntza-programen kapilaritatean eta lurralde-ezarpen handian eta ongizatera eta jasangarritasunera bideratutako lehiakortasun-ereduari laguntzen diote.
Leartibai Fundazioari eta Bizkaiko beste hiru agentziari aitortza
Zentzu horretan, ekitaldian publikoki aintzatetsi ziren azken hiru urteetan ekimen honen esparruan enpresa gehien lagundu dituzten eskualdeko lau agentziak: Egaz Txorierri, Meatzaldeko Behargintza, Leartibai Fundazioa eta Enkartur.
Leartibai Fundazioarentzat ohorea da aitortza hori jasotzea. Denbora luzea daramagu gure inguruko industria enpresekin eta horiei lotutako zerbitzu-enpresekin batera lanean, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako bidean berritzaileagoak eta lehiakorragoak izaten laguntzeko. EGAZ Txorierri, Meatzaldeko Behargintza eta Enkartur bezalako Bizkaiko beste 3 agentziekin batera gure lana bermatzen duen aintzatespen hau jasotzeak indarrez betetzen gaitu bide beretik lanean jarraitzeko, gure eskualdeko enpresekin dugun harreman estua mantentzeko eta bidelagun izaten jarraitzeko.
Ekitaldian, Leartibai Fundazioarekin batera, Lea-Artibai eskualdeko ordezkaritza bat egon zen: Joseba Goienola, Leartibai Fundazioko lehendakaria eta Berriatuako alkatea; Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendari nagusia; Jesus Iriondo, Etxebarriako alkatea; Irina Alkorta, Ondarroako jarduneko alkatea; Joan Anakabe, Leartiker zentro teknologikoko zuzendari nagusia; eta Leartibai Fundazioko teknikariak, Leire Seara (Industria Lehiakortasuneko arduraduna) eta Maria Txakartegi (industria proiektuen kudeatzailea).
* Gorbeialde Landa Garapenerako Agentzia, Jata-Ondo Landa Garapenerako Agentzia, Arrigorriagako Udala, Bermeoko Udala, Erandioko Udala, Ermuko Udala, Galdakaoko Udala, Getxoko Udala, Leioako Udala, Sestaoko Udala, Basauri-Etxebarri Behargintza, DEK-Durangaldea Enpresa Ekimena, Enkartur, Errota Fundazioa, Inguralde, Lanbide Ekimenak Gernika, Leartibai Fundazioa, Enkarterriko Mankomunitatea, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Txorierri Behargintza, Urduñederra, eta Uribe Kosta Behargintza.
