
Maiatza 2025 –
Lea-Artibaiko ikastetxeetako Batxilergoko 2. mailako ikasleak ikasturtearen azken asteetan murgilduta daudela, TALENTATUren baitako “Goiz bat kooperatiban” ekintzari hasiera eman genion martxo bukaeran. Honen bidez, bigarren hezkuntza bukatzear dauden eskualdeko gazteei laguntza eta aholkularitza ematen zaie unibertsitate ikasketak edo lanbide heziketako ikasketen inguruan dituzten zalantzak argitzen laguntzeko eta honelako ikasketak egitera bultzatzeko.
Kooperatiben Mahaia Elkarteko kooperatibei esker, bertoko gazteek interesatzen zaizkien ikasketa eta arlo ezberdinen inguruko ikuspegi erreal bat jasotzeko aukera izaten dute. Izan ere, “Goiz bat kooperatiban” ekintzan parte hartzen duten ikasleak goizetik joaten dira enpresa hauetara, eta bertan aurkezpen orokor bat egin eta gero, departamentu edo arlo desberdinetako profesionalekin batzen dira ikasketa bakoitzak izan ditzakeen irteera motei buruzko ezagutzak jasotzeko. Jarduera hau, askotan erabakigarria izaten da ikasleentzat ikasketen aukeraketa prozesuan.
Aurten, Leartibai Fundazioak koordinatutako ekintza honetan, Lea-Artibain Batxilergoko ikasketak eskaintzen dituzten 3 ikastetxeek hartu dute parte: Lekeitio BHI, Ondarroa BHI eta Lea Artibai Ikastetxeak, hain zuzen ere. Guztira, 21 izan dira goiza eskualdeko kooperatibetan pasatzera animatu diren ikasleak, haien lehentasunen arabera jarduera-mota bateko edo besteko kooperatibak bisitatu dituztelarik.






Horrela, martxoaren azken astean EIKAk eta Cikautxok launa ikasle jaso zituzten, eta apirilaren lehenengo astean, Fagor eta Kide kooperatibek beste horrenbeste ikasle jaso zituzten. Ekintzari bukaera emateko, Aste Santuetako etenaldian baino lehen, Burdinolan hiru ikasle izan ziren eta Leartikerren bat.
Ikasleek asko eskertzen dute aukera hau, beraien etorkizuna irudikatzeko eta arlo profesionala garatzeko aukera ezberdinak baloratzeko aberasgarria baita. Kooperatiba horretan lan egiten duten profil konkretuetako profesionalen esperientziak eta ibilbide profesionalak ezagutzeaz gain, beraien egunerokotasunean zer motatako lana egiten duten bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute.
Talentatu egitasmoa
TALENTATU Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa [Markina-Xemein] eta Maier), Leartibai Fundazioarekin lankidetzan, eskualdeko ikasleak, enpresak eta erakundeak konektatzeko asmoz 2017. urtean abiatutako proiektua da. Harrez gero, urtetik urtera indartzen joan den egitasmo honek 2024-2025 ikasturteari jarduera anitzez betetako agendarekin ekin dio. Tokiko talentua eta STEAM bokazioak sustatzea helburu duen programa honek milaka ikasle eta irakasle inplikatu ditu hainbat ekimenetan.
Ekimen honen eskutik eskualdeko enpresa-ehunaren beharrizanei garrantzia ematen eta bertoko talentua zaintzen eta lantzen jarraitzen dugu Leartibai Fundaziotik, Kooperatiben Mahaia elkarteari esker.
