I 2020ko iraila I
CIRCULARSEAS europar proiektuaren workshop bat ospatu dute Azaro Fundazioak eta Leartikerrek
Azaro Fundazioak eta Markina-Xemeingo Leartiker Zentro Teknologikoak (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen partaideak biak) CIRCULARSEAS europar proiektuaren 2. eta 3. Workshop jardunaldia ospatu dute (lehenengoa otsailean proiektua aurkezteko egin zen jardunaldian ospatu zen). Egun bizi dugun egoera kontutan hartuta, jardunaldia online ospatu behar izan bada ere, partehartze arrakastatsua izan du.
2019ko apirilean martxan jarri eta 3 urteko iraupena duen proiektu hau ekonomia zirkularraren sustapenean ardaztuta dago eta bere helburua hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarrietan bilakatzea da. Interreg Atlantic Area programarekin batera Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bitartez finantzatutako CircularSeas (EAPA_117/2018) proiektuak, Leartiker, Leartibai Garapen Agentzia, Azaro Fundazioa eta Lea Artibai Ikastetxeak eskualdearen ekonomia garapenerako duela 6 urte zehaztutako, Lea-Artibai 2020 estrategian du oinarria, arrantzaren sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharrizanean, hain zuzen ere.
Proiektuak ibilbidea hasi zuenetik, Leartiker (proiektuaren liderra) eta Azaro Fundazioa (Ondarroako Nodoaren arduraduna) elkarlanean aritu dira, proiektuko partaide diren 6 nodoetan burututako diagnostikoen bilduma osatzen eta horietan bildutako hondakinen karakterizazioa egiten, besteak beste. Azaro Fundazioarekin batera beste bost bazkide hauek osatzen dute CircularSeas: Communauté d'Agglomération de La Rochelle (CdA-LR), Universidad de Vigo (UVI), University of Plymouth (UoP), Cork Institute of Technology (CIT) eta Instituto Politécnico de Leiria (IPLeiria).
Jardunaldia Leartikerrek gidatu du, eta hiru zatitan banatuta egon da. Hasteko, Euskadiko Ekonomia Zirkularra eta 3D inprimaketa izan dituzte aztergai, BRTA (Basque Reserch and Technology Alliance) eta Leartiker Polymer R&D erakundeen aurkezpenen laguntzarekin. Bigarren eta hirugarren zatiak sormen saioetan gauzatu dira; parte-hartzaileek, lau esperientzia arrakastatsu oinarri hartuta, itsas sektoreko produktu jasangarriak identifikatu dituzte, ondoren negozio eredua definitzeko, eta, bukatzeko, garatutako negozio ereduaren aurkezpena egin dute.
Ekitaldian itsas industriaren sektoreko hainbat ordezkari egon dira eta baita Ekonomia Zirkularra eta 3D printing teknologien inguruan berrikuntza egiteko interesa duten beste enpresa batzuk ere. Rikardo Buenok (BRTAko zuzendari nagusia) euskal zentro teknologikoek Ekonomia Zirkularrari egiten dioten ekarpena izan du hizpide bere hitzaldian. Europako “Green Deal” itunarekin bat egiteko ikerkuntza eta garapena oinarrizkoak izanik, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren estrategia material, teknologia eta negozio eredu berriak garatzea ez ezik, eskuratutako ezagutzak enpresa ehunera transferitzea dela aipatu du. “Euskal zentro teknologikoek ekarpen asko egin ditzakete, baina beraien arteko lankidetza hobetzea funtsezkoa da transferentzia hori bermatzeko”.
Leartikerreko Alex Arrillagak bere aldetik, 3D inprimaketarako FDM teknologiari buruzko azalpenak eman ditu, CircularSeas proiekturako teknologia hori aukeratu baitute inbertsio gutxiago, malgutasuna eta arintasuna eskaintzen dituelako: “Ulerterrazagoa da, edozeinek erabiltzeko modukoa” esan du. Horrez gain, proiektu honen helburua inprimatzeko erabiltzen den lehengai termoplastikoa birziklatua eta jasangarria izatea dela azpimarratu du eta; beraz, pentsatu egin behar dela zein material polimeriko erabili, fabrikatu nahi den piezaren arabera.
Sormen saioak CircularSeas proiektuan azaltzen diren itsasoko industrietara egon dira bideratuta; hau da, arrantza, akuikultura, industria lagungarria eta itsas kirolen sektorea. Partaideak lau taldetan banatu dituzte eta itsas sektoreko produktu jasangarriak identifikatu eta definitu dituzte, birziklatuak, biodegradagarriak edo ezaugarri hobeagoak izan behar dituztela kontuan hartuta. Horretarako, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa, Ternua, Indart3D eta Eko-REC erakundeen esperientzia arrakastatsuak izan dituzte lagungarri. Ideia berriak zehaztu ahal izateko hainbat gairen inguruan hausnarketa ere egin dute: hondakin ezberdinen ezaugarriak; itsas sektorean baliagarriak izan daitezkeen produktuak; hauskorragoak direnak edo ezaugarri jakin batzuk dituztenak; pertsonalizatzeko beharra dutenak; eta produktu jasangarriak sortzeak izan ditzakeen eragozpenak eta arriskuak, besteak beste.
Ondoren, talde bakoitzak izandako ideietatik bat aukeratu du eta negozio eredua garatu dute produktu horren inguruan, Ecocanvas ereduan oinarrituta. Horretarako, produktuaren balio proposamena zein den zehaztu dute, merkatuari edo behar bateri egiten dion ekarpena, funtsezko baliabideak edota zein hobekuntza izango lukeen ingurumenarekiko produktu hori sortzeak.
Bukatzeko, lau taldeek landutako ideiak ezagutzera eman dituzte, eta antolatzaileak pozik agertu dira partaideen jarrera gogotsuagatik eta izan dituzten ideiengatik, “CircularSeas proiektuan garatu ahal izango baitira horietako batzuk” adierazi dute. Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman dituzte ezagutzarekin lotutako zentro teknologiko eta unibertsitateengandik eta gure lurraldearen garapen ekonomikoaren alde lanean diharduten gobernu-erakundeengandik jasotako babesarengatik.