I 2021eko urtarrila I
Programa hau Foodtech eta osasun arloetan oinarritutako enpresa-ideia berriei zuzentzen zaie
Idaho Basque Challenge-n helburua Idahoko euskal komunitatean eta Euskadin inpaktu positiboa izango duten konexio baliotsuak sortzea da. Ekimenak beren inguruneko erronka sozialei erantzungo dieten lantalde multikulturalak bultzatuko ditu, nagusiki bi gaitan zentraturik: teknologia gastronomikoa eta osasunaren zaintza.
Diversity4Equality-k gidatzen du proiektua hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, hala nola, Mondragon Unibertsitatea, Mondragon Team Academy, Boise State University eta Estia Institute of Technology. Metodologia propioaz baliatuz, ekintzailetza sustatu eta enpresa sozial bideragarriak martxan jartzen laguntzea da egitasmo honen helburua eta, bide batez, Idahoko euskal komunitatearekin loturak sortzea.
Aurtengo edizioan, Lea-Artibai eta Busturialdeak bat egingo dute programarekin, diasporarekin zubi berriak sortzeaz gain, beren herrietara gizarte-ekimenak ekartzeko asmoz. Helburu horri begira, Azaro Fundazioak ideia eta proiektuen garapenerako prozesuan babesa emango dio egitasmoari. Hautaketa fasean ere parte hartu du Azarok eskualdeko bi enpresen erronkak aurkeztuz horretarako diseinaturiko Hackatonean.
Ekimen honen baitan Euskadiko biztanleak eta Boise State University-ko ikasleak nahastuta, hainbat lantalde sortuko dira. Talde bakoitzak FoodTech edo osasunaren zaintza arloetan erronka sozial bat identifikatuko du eta proposamen bat garatuko du erantzuna emateko. Lan guztia birtualki egingo da eta parte-hartzaileek hasieratikmentoring saioak zein webinar-ak egingo dituzte eta negozio-proiektua garatzeko laguntza jasoko dute.
Online Workshopak martxan daude dagoeneko, urtarrilean bigarren saioa egin da. Bilera honetan ekintzailetzara bideratutako tresnak lantzeaz gain, Gorka Espiau de Agirrek (Lehendakari Center) “Euskal Kasua” eta Euskadiren azken urteotako garapena izan zituen hizpide.
Idaho Basque Challenge Diversity4Equality enpresak kaleratu duen azken programa da, eta startup honek Senegalen eta Kanarietan metodologia berari jarraituz abian jarritako beste ekimen batzuekin bat egiten du.