Otsaila 2021
Azaro Fundazioak 2013. urtetik dihardu ekonomia zirkularraren eremuan lanean, RIS3arekin bat eginez (Espezializazio Adimentsurako Estrategia) eta Lea-Artibaiko estrategia BIOBERDEAren barruan. Estrategia horren baitan honako hauek lantzen dira: negozio-aukera berrien identifikazioa, ekintzailetza, enpresei zerbitzua ematea ekonomia zirkularraren inguruan eta ezagutzaren transferentzia.
Ezagutzaren transferentzia bultzatzeari dagokionez, Azaro Fundazioak hainbat kolektibori zuzendutako ekintzak antolatzen ditu urtean zehar. Oraingo honetan, Lea Artibai Ikastetxeko Administrazioa eta finantzak eta Elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea heziketa zikloetako ikasleek ekonomia zirkularraren inguruko oinarrizko ezagutzak lantzeko saio teoriko-praktikoak jaso dituzte.
Saio horietan, ekonomia zirkularra zer den, ekonomia linealarekin alderatuta dituen ezaugarri eta ezberdintasunak zeintzuk diren, kasu erreferenteen adibideak eta abar ezagutu ondoren, ikasleek Barrenetxe kooperatibak proposaturiko erronkak landu behar izan zituzten. Erronka horien helburua enpresak dituen arazo edo beharrizan batzuei irtenbide zirkularra bilatzea izan zen, ekonomia zirkularraren printzipioak oinarritzat hartuta. Azaro Fundazioaren gidaritzapean eta emandako jarraibideak aplikatuz, bi zikloetako ikasleek, taldeka, jasotako erronkei erantzuna emateko proposamenak landu eta aurkeztu zituzten.
Ekintza horiek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik bideraturiko, “Bizitza osoan zehar ikasteko proiektuak” egitasmoaren baitan kokatzen dira.