I 2020ko otsaila I
Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko ordezkariek 2019-2023 ekonomia sustapenerako proiektu estrategikoaren aurkezpena egin zuten pasa den otsailaren 21ean Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Jardunaldia Lea-Artibai eskualdeko garapen ekonomikoaren alde lanean diharduten lau erakundeek antolatu zuten: Azaro Fundazioa, Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza, Leartiker eta Lea Artibai Ikastetxea.
“Foru Aldundia eragile oso garrantzitsua da guretzat; gure politikak babestu eta eskualdeko estrategia aurrera eramatea ahalbidetzen digun erakundea da” adierazi zuen Ainhoa Arrizubieta, Azaro Fundazioko zuzendariak, jardunaldiari hasiera emateko. Horren harira, aurkezpenaren zati bat Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren inguruko hausnarketan ardaztu zen. Horrez gain, Leartiker zentro teknologikoa ezagutzeko abagunea ere izan zuten bertaratu zirenek.
Jardunaldian, Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua, Joseba Mariezkurrena, Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko Zuzendari Nagusia, eta Cristina Múgica, Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko Zuzendari Nagusiaz gain, Foru Aldundiarekin batera eskualdearen garapen ekonomikorako estrategian lagungarri eta babesgarri diren Lea-Artibai eskualdeko 12 herrietako alkateak eta enpresetako ordezkariek ere parte hartu zuten.
Ainhoa Arrizubieta, Azaro Fundazioko Zuzendaria, izan zen bertaratutakoei hasierako agurra egin ziena. 4 erakunde antolatzaileak aurkeztu zituen eta eskualdearen garapenaren baitan egiten duten lanean eragile ezberdinen laguntzaren garrantzia azpimarratu zuen.
Ondoren, Ainara Basurkok hartu zuen hitza. Ekonomia Sustapen Sailaren inguruan, arlo ezberdinetan burutzen duten lana azaldu zuen. Bestalde, lurraldeko ekintzaile, enpresa, ikasle, turismo sektoreko enpresa eta eskualdeen garapenean lan egiten duten eragileei eskainitako laguntzen eta babesaren berri ere eman zuen. Dirulaguntzak, finantziazioa, zerbitzuak, azpiegiturak eta teknologia hornikuntzak bezalako gaiak mahaigaineratu zituen, besteak beste.
Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomiko eta lehiakortasunaren adierazleak aurkeztu zituenean bereziki azpimarratu zuen, eskualdearen langabezi-tasa baxua (Bizkaia eta EAEren batazbestekoarekin alderatuta baxuena). Alderantziz, emakumeen kasuan, enpleguaren iragankortasuna handiena dela ere aipatu zuen eta zahartze indizea Bizkaia eta EAEren datuekin alderatuta handiagoa dela. Beste datu baikor bat Lanbide Heziketako formakuntzan oinarritu zuen, Bizkaiko batazbestekoaren gainetik dagoena.
Bestalde, Lea-Artibai eskualdea industriala dela ondorioztatu zuen; izan ere, industria eta energia sektoreek, lehen sektorearekin batera, Bizkaia eta EAEan dutena baino pisu handiagoa dutela baieztatu zuen. Eta horren adierazle gisa, Ekonomia Sustapen Sailak eskualdean eman dituen laguntzen datuak: 2015-2019 bitartean pilatutako dirulaguntzen %70a Lea-Artibaiko manufaktura-industriara zuzendu zen eta 2i eta Kudeabide programen onuradunen %70a Lea-Artibaiko proiektuak izan ziren.
Basurkok hitz politak izan zituen hainbat urtetan bere lantoki izan diren Lea-Artibaiko eragileentzako, eta aipamen berezia egin zuen Leartiker Zentro Teknologikoarentzat. Izan ere, BFAk lankidetza hitzarmen bat du Leartikerrekin Foku anitzeko teknologia zentrua bihurtu eta maila goreneko zentro teknologikoen sarean sartzeko. “Ez da denbora askorik beharko hau lortzeko. Leartiker bezalako zentro teknologiko bat eskualdean izatea harro egoteko modukoa da” adierazi zuen.
Beste hainbat gairen inguruan ere aritu zen Basurko, baina BFAk tokian tokiko gobernantza ereduak bultzatzeko egiten duen apustua nabarmendu zuen gehienbat. BFA eta eskualdeko eragileen arteko lankidetzaren beharra azpimarratu zuen lehiakortasuna sustatzeko. “Enpresak laguntzen baditugu, eskualdearen motorra direla kontuan hartuta, azkenengo adierazleak hobetuko ditugu: langabezia, enpresa-ehuna, zerbitzu sozialak..., eta ondorioz bizi kalitatea” adierazi zuen. Eskualdeen arteko elkarlana ere onuragarria izango litzatekeela aipatu zuen, baina gehienbat eskualdeko eragile ezberdinen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin zuen; hau da, enpresak, instituzioak eta udalak.
LEA-ARTIBAI 2020
Jardunaldiaren bigarren zatian Isabel Mendigurenek, Lea Artibai Ikastetxeko Zuzendaria, hartu zuen hitza, Lea-Artibai eskualdearen 2020 proiektu estrategikoaren balantze positiboa egiteko. Eta honen ostean Leartikerren aurkezpena egin zen.
Leartiker osotzen duten pertsonen garrantzia adierazi zuen Amaia Egia, Leartiker Zentro Teknologikoaren Zuzendariak bere lehen hitzetan “Lan taldeak proiektuan sinestea ezinbestekoa da aurrera egiteko”. Eta horrela izan da Leartikerren kasuan azken urteotan, hazkunde izugarria izan baitu. Egiak erakundearen hainbat datu elkarbanatu zituen: “Egun 41 pertsonak osatzen dugu Leartikerren lantaldea, baina epe laburrean 50 pertsona izatea aurreikusten dugu. Horietatik 7 doktoreak dira eta 3 tesia garatzen daude momentu honetan, eta 15 doktore izatera iritsiko gara 2020-2025 epealdirako plan estrategikoan”. Zuzendariaren hitzetan, 12 europar proiektutan parte hartzen ari da Leartiker eta Q1 mailako 5 zientzia-artikulu argitaratzeko helburua jarri dute (maila altueneko artikulu zientifikoak). “Negozio-bolumena 3,2 M eurotakoa da eta hurrengo bost urteetara begira garatu dugun plan estrategikoari dagokionez, helburuen artean garrantzitsuena Foku anitzeko teknologia zentrua bihurtzea eta BRTAren parte izatea da” (Basque Research and Technology Alliance, zientzia- eta teknologia-partzuergoa), azaldu zuen. “Ezagutzan gehiago espezializatzea, nazioartekotzea are gehiago indartzea eta ezagutzan eta talentua erakartzeko eta mantentzeko metodologia bat martxan jartzea ere gure helburu nagusietako batzuk dira, izan ere, pertsonetan oinarrituriko proiektua da Leartiker” azpimarratu zuen Egiak.
Bukatzeko, Leartikerren instalazioetatik bisita gidatua egin zuten bertaratuek eta polimeroen eta elikagaien arloetan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.