I 2020ko maiatza I
Talentatu Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak (Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier) Azaro Fundazioarekin elkarlanean definitutako proiektua da. 2018-2019 ikasturtean eskualdeko ikastetxeekin abian jarritako proiektu honen helburua nagusia talentua sortu, erakarri eta mantentzea da.
TALENTUA SORTU lan-ildoaren bitartez eskualdeko ikasleak etorkizunean eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz.
Horretarako, 2019-2020 ikasturtean zehar, Lea-Artibai eta Busturialdeko gazteei zuzendutako ekintza ugari antolatu dira, STEAM ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria-sarea ezagutu eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz. Lea-Artibairen kasuan aurtengoa bigarren edizioa izan da eta, aldiz, Busturialdean lehen aldiz burutu dituzte Talentatu proiektuarekin lotutako ekintzak.
Ekintza horiek LH1eko ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino bideraturik egon dira. Ekintza nagusiak hauek izan dira: udalerria eta eskualdea ezagutzeko irteerak; hitzaldiak gelan (gurasoak, aitona-amonak, herritarrak, enpresa eta kooperatibetako langileak, Azaro Fundazioa); kooperatiba eta enpresetara bisitak, egun bateko egonaldiak kooperatibetan eta enpresek jarritako erronken lanketa.
Horrez gain, bideo lehiaketa bat antolatu da sare sozialetan, ikasketa zientifikoak eta teknologikoak emakumearekin lotzen dituena. Erronkaren helburua emakume eta neskatoengana zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna hurbiltzea izan da, ikasketa tekniko edota zientifikoak aukeratu ditzaten. Horren harira, Talentatuko talde koordinatzaileak bideo bat editatu eta argitaratu du, non protagonistak bere garaian ikasketa profesional tekniko, zientifiko edota teknologikoa garatzea aukeratu zuten emakumeak diren. Horrela, Emakumea eta Teknologia izeneko bideoan Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat kooperatibetan lanpostu teknikoetan dauden emakumeen testigantzak biltzen dira.
Aurtengo maiatzean, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatzea aurreikusita zegoen, bigarren urtez jarraian Lea-Artibain eta lehen aldiz Busturialdean. Egun horren helburua STEAM ikasgaiak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak) 6. mailako ikasleei hurbiltzea zen (Lea-Artibain) eta DBH 4koei (Busturialdearen kasuan). Ekitaldi biak bertan behera geratu dira Covid-19 aren ondorioz.
Ikasturte honetan, Lea-Artibai eta Busturialdeko 22 ikastetxek eta 3.200 ikaslek parte hartu dute Talentatu programan. Gainera 16 enpresa eta 40 profesional inguru aritu dira elkarlanean ekintza desberdinak aurrera eramaten. Aipagarria da baita ikasleen familien (guraso, aitona-amona) eta herritarren inplikazioa ere Talentatu programako ekintzetan, guztira 20 pertsonak eman dute beraien laguntza musu-truk. Inplikazio sozial handia sortu da horien guztien artean, eta eskertzekoa da, bereziki, kooperatiben lana programa honen baitan eta ikastetxeek egiten duten ahalegina ere, ekintza horiek beraien kurrikulumean txertatzen baitituzte. Tamalez, egoera berezi honek hainbat ekintza bertan behera uztea eragin du, eta ikasturteari ezohiko amaiera eman behar izan diote.
Hala ere, Azaroren izenean TALENTATU proiektua posible egin duten guztiei eskerrak emateko aprobetxatu nahi dute: programan parte hartu duten ikastetxeetako irakasle, ikasle, zuzendari eta orientatzaile; enpresetako eta Kooperatiba Mahaia Elkartea osatzen duten kooperatibetako ordezkari eta langile; hizlari lanetan aritu diren guraso, aitona-amona eta herritar; Busturialdean bidelagun izan dituzten Gernikako Lanbide Ekimenak eta Bermeo-Mundaka-Sukarrietako Behargintzari; eta nolabait programan erkapenen bat egin duten guztiei.
Datorren ikasturteari begira, Talentatu programak aurrera jarraituko du, ekintzak egoeraren arabera antolatu eta egokituko direlarik.