I 2020ko iraila I
Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen enpresa haztegia, Lea-Artibai eskualdeko ekintzaile zein enpresa pribatuen jarduera ekonomiko berrientzat, abantailaz betetako kokaleku aproposa da. Azaro Fundazioak kudeatzen duen zerbitzu honen inguruan hitz egiteko tartetxoa hartu dugu, Esti Plaza, Azaroko Enpresa berrien sorrerako arduradunarekin.
Lea-Artibai Berrikuntza Gunea
Zer da Enpresa Haztegia?
Enpresen hazteko tokia dela esango genuke. Hau da, enpresa edota jarduera ekonomiko berriei, euren lehen urteetan, hasierako ibilbidea nolabait errazten laguntzen dien espazio eskaintza da.
Gure eskualdean sortzen diren jarduera ekonomiko berriek Lea-Artibai Berrikuntza Gunean kokatzen den Enpresa Haztegia dute erabilgarri. Bertan 8 enpresa modulu daude, bulego formatuan (Berrikuntza Guneko bigarren eta hirugarren solairuan kokaturik) eta 5 enpresa modulu, pabiloi formatuan (beheko solairuan). Horrez gain, Berrikuntza Guneko bilera gela eta espazio ezberdinak erabilgarri dituzte euren egunerokotasunean. Pabiloiak alokatzen dituztenek, dutxak, aldagelak eta abar dituzte. Bestalde, eraikineko lehen solairuan dagoen atseden gela ere euren eskura dago, sukalde gisa ekipatuta dagoelarik. Horrek haztegiko beste enpresekin harremana izateko aukera errazten die, eta Azaro ere solairu berean dagoenez, berarekin etengabeko harremana izateko aukera dute.
Enpresa Haztegian kokatzen diren negozioek, lehen hiru urteetan, deskontuak dituzte alokairu prezioan: lehen urtean % 75eko deskontua, bigarrenean % 50ekoa eta hirugarrenean % 25ekoa. Laugarren eta bosgarren urteetan, berriz, ez da deskonturik aplikatzen.
Nolakoak dira bertan dauden espazioak?
Ditugun espazioak tamaina ezberdinetakoak dira. 18m2 tik 55m2 ra arteko bulegoak daude eta pabiloiak 70m2 ingurukoak dira; horiek solairuarte bat dute bertan bulegoa jarri nahi duenarentzat.
Edozein sektoretara zuzentzen den negozio industrial edota industriari zerbitzua ematen diona kokatu daiteke bertan. Negozioak kutsu berritzailea badu, erraztasun gehiago izango ditu kokapena lortzeko.
Era berean, negozio ideia lantzen ari diren ekintzaileentzako ere badago leku amankomun bat: coworking espazioa. Bertan 7 pertsonentzako dago lekua, bakoitzak bere mahaia, ordenagailua, inprimagailu eta telefono konpartitua eta bilerak egiteko materiala eta aparteko mahaiak dituztelarik
. Azarok jartzen du beharrezkoa den materiala eta bideragarritasuna landu eta negozioari forma emateko beharrezko espazio, baliabide eta zerbitzuak eskaintzen dira bertan.
Enpresen sorrerarako Azaro Fundazioak duen “Ekin pausuz pausu” metodo propioaren baitan kokatzen da zerbitzu hau. Coworking espazioan negozio ideia ezberdinak lantzen ari diren ekintzaile taldeak elkarrekin egon daitezke lanean, elkarri lagundu eta sinergiak partekatzen. Ezin ahaztu enpresa proiektu bakoitzeko ekintzaileek Azaroko teknikari bat izaten dutela tutore lanetan, ibilbide guztian zehar bidelagun.
Pabiloiak
Nork egin dezake haztegian kokatzeko eskaera?
Negozio ideia edo jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri duen Lea-Artibaiko edozein herritar edota enpresa batek. Helburua eskualdean bertan lanpostuak sortu eta mantentzea dugu; horregatik, gure ingurunean hazi eta egonkortu nahi duten negozio eta jarduerentzako daude bideratuta espazioak.
Zeintzuk dira haztegian kokatzeak ematen dituen abantailak?
Nire ustez, bi dira nagusiak: bata ekonomikoa, alokairuaren prezioa askoz baxuagoa baita merkatuko prezioekin alderatuz, eta bestea, kualitatiboa, Azaroko teknikarion hurbiltasuna (eraikin berdinean baikaude) eta laguntza negozioaren hasierako ibilbidean zehar. Edozein zalantza, galdera, zenbakien inguruko erabaki, aurrekontuen definizioan laguntza… bertan hurbil egonda, momentuan eskaintzen diegu babesa.
Bestalde, nahiz eta enpresa haztegian kokatuta ez egon, babes hori berdin-berdin ematen diogu ekintzaileari eta berak eskatzen duen maiztasunaren araberako izaten da. Guk diseinatutako metodologiaren bidez, aholkularitza pertsonalizatua ematen diogu. Azaroren helburua sortzen diren jarduera ekonomikoak merkatuan egonkortzea da, eta hori ardatz hartuta diseinatzen ditugu metodologia eta programa ezberdinak.
Haztegian kokatuta egotearen beste abantaila bat bertako enpresen artean sortzen diren harreman eta sinergiak dira. Hasierako urteetan sentitzen den “bertigo” edo “bakardade” puntu hori gutxitzen laguntzen du, norbera bezala hazten dauden enpresak baitaude bertan kokatuta.
Enpresa haztegian egon edo ez, Azarotik hainbat coworking momentu eta ekintzaile eta enpresei egokitutako formakuntza eta jardunaldi antolatzen ditugu, eta guztietara gonbidapen zuzena bidaltzen diegu.
Zenbat denboraz egon daiteke bertan?
Azaro Fundazioak kudeatzen duen haztegian 5 urtera arteko egonaldiak egin daitezke. Gurekin sinatzen den kontratua urtebetekoa izaten da, eta 3 urtera arteko egonaldia ziurtatzen zaio jarduerari. Hasierako hiru urteak pasatu ondoren espazio horren eskaera berririk ez badago, beste bi urtez luzatu daiteke kontratua, guztira, 5 urte betetzeko aukera emanik. Bestalde, hiru urte pasatakoan, ekintzaileengandik edota jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi duen enpresarengandik espazioaren beharrizana badago, 3 urtez egon den enpresari lekua libratzeko eskatzen zaio, guztiek aukera berdinak izan ditzaten hasierako lehen urte horietan.
Coworking espazioan, ordea, negozio ideia lantzen ari den ekintzaileak edo ekintzaile taldeak 6 hilabetetik urtebetera arteko egonaldia egin dezake; hau da, enpresa proiektua definitzen eta aztertzen dagoen bitartean bertan egon ahal da. Urtebete pasatu ondoren, ekintzaile taldearekin hitz egiten da eta bere beharrizanak zeintzuk diren aztertzen dira komeni zaizkion zerbitzu edota irtenbideak bideratzeko.
Enpresa pribatuek ere erabili ahal dituzte instalazioak? Zertarako?
Bai. Azaroren helburu nagusienetako bat gure inguruneko enpresen lehiakortasunaren alde lan egitea den heinean, Lea-Artibaiko enpresa pribatuek erabilgarri dituzte bertako espazioak: bilera gelak; hausnarketa estrategikoak egiteko gelak eta materiala; bideokonferentziak egiteko gela; sormen saioak egiteko espazioa; trebakuntza gela…Hainbat dira instalazioak erabiltzen dituzten enpresak.
COVID-19ak eskatzen dituen espazio beharrei erantzuna emateko baliabide bat izan daiteke haztegia?
Bai. Enpresa Haztegian negozio berrientzako kokalekua eskaintzeaz gain, hainbat bilera gela daude Lea-Artibaiko enpresen eskura: bideokonferentziak egiteko espazioak; sormen saioak egitera bideratutako gela; hausnarketa estrategikoak egiteko gelak; eta aurkezpen edota publiko zabalago batekin bilerak egiteko Auditorioa. Eskualdeko enpresek, aldez aurretik Azarora deituta, aipatutako edozein espazio dohain aloka dezakete, ordu batzuetarako, egun osorako edo, nahi izanez gero, egun batzuetarako.