Marzo 2021
Hidrogenoa funtsezko elementua da etorkizun hurbilean energia, industria eta mugikortasuna deskarbonizatzeko, eta, beraz, karbono gutxiko ekonomia lortzeko beharrezkoa den trantsizio energetikoa bizkortzeko ere bai. Hidrogenoa eskala handian eta era jasangarrian sortzea da erronka. Hori lortzeko, H2SITE startupa sortu zuten orain dela urtebete TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, ENGIE Frantziako enpresak eta Eindhovengo Unibertsitateak (TUe), elkarlanean, helburu honekin: purutasun handiko hidrogenoa eskala txiki eta ertainean, era deszentralizatuan, kostu txikiarekin eta eraginkortasun eta errentagarritasun handiagoz ekoizteko teknologia bat garatzea, mintz-erreaktore aurreratuen bidez.
Dagoeneko martxan dago horrelako lehen erreaktorea, eta halaxe baieztatu zuten, Azaro Fundazioaren instalazioetara egin zuten bisitan, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusiak, Olatz Goitia BEAZeko zuzendariak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Luis Egurrol Markina-Xemeingo alkateak, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOa eta Andrés Galnares H2SITEko CEOak lagunduta.
(Andrés Galnares erakundeetako ordezkariei erreaktoaren funtzionamendua azaltzen)
Gaur egun, H2SITE mintzak fabrikatzeko instalazioa eraikitzen ari da Loiun (Bizkaia), eta, datozen bost urteetan, 50 laguni emango die lana. Munduan bakarra da instalazio hori, eta hidrogenoa ekoizteko erreaktoreak fabrikatzeko erabiltzen diren mintzak modu industrialean ekoitziko ditu. Erreaktore horiek elektrolisiaren ordezko aukera bat dira; prezio lehiakorrean ematen dute hidrogeno berriztagarria, Europan garatutako eta Euskadin eraikitako teknologia baten bidez.
Atzo, Azaro Fundazioaren instalazioetan aurkeztutakoa, kontsumitzaile txiki eta ertainentzat purutasun handiko hidrogenoa eskala industrialean eta kostu baxuan ekoizten duen lehen erreaktorea da. Teknologia, TECNALIAk eta TUe-k garatua, prozesuen intentsifikazioan oinarritzen da, eta mintz-erreaktore aurreratuak erabiltzen ditu; hidrogenoa ekoizteko prozesuaren eraginkortasuna maximizatzen du, eta baliabideak (energia, tokia, lehengaiak…) minimizatzen.
“Arrakasta handia da guretzat, eta, gure ustez, sektorearentzat ere bai. Mugarri horretan gauzatzen da TUe-k eta TECNALIAk mintz-erreaktoreen esparruan hamar urtez baino gehiagoz egindako elkarlana; H2SITEko lantaldeek, orain, hidrogeno berdea in situ ekoizteko gai den produktu industrial paregabe bihurtu dute lan hori. Egungo erronka, berriz, gure bezeroen eskaria asetzeko beste mintz ekoiztea da, eta, hala, haiei hidrogeno-aztarna murrizten laguntzea”, adierazi zuen Andrés Galnares.
Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak, bestalde, hau esan zuen: “H2SITE teknologia zentroek teknologia oinarri duten negozio berritzaileak sustatzeko jokatzen duten eta jokatzen jarraitzeko aukera duten paper estrategikoaren adibide bikaina da. Aldi berean, enpresa proiektuak bideratzeko, geroz eta garrantzitsuagoa den agente desberdinen arteko elkarlanaren adibide ere da, beren bai epe motzera eta baita epe luzerako helburuak ere partekatuz. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomiaren Sustapenerako Sailak eta BEAZek hasieratik lagundu dugu H2SITE eta horretan jarraitzeko intentzioa daukagu, izan ere, Bizkaian eraikitzen ari garen modeloaren baitan, etorkizun, garapen eta hazkunde bikaina izango duen start up bat dela zalantzarik ez daukagu; beharrezkoa dugun trantsizio energetikoaren testuinguruan, balio erantsia eta bereizgarria aurkezten baitu”.
Bukatzeko, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOaren hitzetan: “eragile garrantzitsua izan nahi dugu industriaren eraldaketan, garapen teknologikoa energia berriztagarriak lehiakorragoak izateko soluzio bihurtuz, balio handiko hidrogenorantz urratsak eginez. Espero dugu hala gure industrian garatutako negozio-aukeren kopurua eta irismena biderkatzea”.
Azaro Fundazioan oso harro gaude honelako proiektu handi batek gure instalazioetan kokapena duelako eta erakundeen arteko elkarlana ematen ari den eta emango dituen fruituen testigu izateko lanean jarraituko dugu.