Apirila 2021
Joan den apirilaren 15ean, EGESek (Euskal Gizarte Ekonomia Sarea) eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) “Tokiko garapenean gizarte-ekonomia sustatzeko praktika onak” jardunaldia ospatu zuten, eta Azaro Fundazioak Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen ordezkari gisa parte hartu zuen.
Online jardunaldia erakunde antolatzaileen ordezkarien agurrarekin hasi zen, Rosa Lavín (EGESeko Lehendakaria) eta Fernando Nebreda (GARAPENeko Lehendakaria). Ondoren, Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko Zuzendariak hartu zuen hitza. Diazek aipatu zuen gizarte-ekonomiako plan estrategikoa egingo dela eta, horretarako, gizarte-ekonomiako eragile guztien parte-hartze zuzena eta aktiboa eskatuko dutela.
Jarraian, Enekoitz Etxezarretak (GEZKI, EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) “Gizarte-ekonomiako esperientziak tokian-tokian sustatuz. Praktika onen azterketa” azterlanaren ildo nagusiak eta ondorioak azaldu zituen. Ikerketa horretan 16 kasu ezberdin aztertu zituzten, Etxezarretaren esanetan.
Hitzaldi horren ondoren, tokian-tokiko gizarte-ekonomiako 4 esperientzia eta jardunbide egoki aurkeztu ziren, horietako bat Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteari dagokiona. Elkartea Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier kooperatibek osatzen dute eta Azaro Fundazioak dinamizatzen du. Azarok elkarteak, 2003. urtean eratu zenetik, Lea-Artibai eskualdean eta eskualde mugakideetan kooperatiba berriak sortzeko egiten duen lana azpimarratu zuen. Baita 2017an gizarte-eraldaketako proiektu zabalago baten alde egin zuen apustua ere, TALENTATU proiektua, proiektu horretan kooperatibetako bazkideak inplikatuz eta bere garapenerako baliabideak bideratuz. Kooperatiba Mahaia buru duen proiektu horrek, Talentua Sortu, Erakarri eta Mantentzea helburu duela azaldu zen.
Aurkeztutako beste hiru esperientziak Lanerain, Oñatiko Ur Jauziak eta kimu Bat izan ziren, enplegu inklusiboaren, lankidetza publiko kooperatiboaren eta enpresen berreskurapenaren esparruetan, hurrenez hurren.