Apirila 2021
Azaro Fundazioak 10 urte baino gehiago daramatza erakundeei berrikuntza-sistemak ezartzen laguntzen, haien lehiakortasuna bultzatzeko. Berrikuntza-dinamika horretan, funtsezkoa da zaintza- eta adimen-prozesua; izan ere, erakundearen barneko eta kanpoko informazioa automatizatzen eta kudeatzen laguntzen du, ezagutza sortzeko eta balioa emateko, berrikuntza-proiektuak sortuz.
Erakundeen lehiakortasunean zaintzak eta adimenak duten garrantzia ulertu ahal izateko, elkarrizketa bat izan dugu Oscar Nevot Vildarekin, SGSn I+G+b proiektuak ziurtatzeko negozio-zuzendariarekin.
2011. urteaz geroztik, SGS enpresako I+G+b proiektuen ziurtagiriei lotuta lan egiten du Óscarrek. Enpresa hau munduko liderra da ikuskapen, egiaztapen, analisi eta ziurtapenean. SGSk 89.000 langile eta 2.600 bulego eta laborategi baino gehiago ditu mundu osoan zehar.
Duela egun batzuk Nevoten bisita jaso genuen Azaro Fundazioan eskaintzen dugun zaintza eta inteligentzia sistemaren auditoria egiteko. Azaron garatutako metodologia bat da, erakundeetan berrikuntza-proiektuak sortzeko eta garatzeko dinamika bat ezartzean oinarritzen dena. Hiru fase ditu:
ZAINTZA: informazio garrantzitsua atzematea InTool tresnaren bidez.
ADIMENA: ezagutza proiektuetan eraldatu.
AZELERAZIOA: berrikuntza-proiektuak garatu.
Zerbitzu integrala da, eta, horren bidez, erakundeetan dinamika parte hartzaile bat ezartzen da, berrikuntza-proiektuak sortzeko aukera ematen duena. InTool tresnaren bidez egiten den kalitatezko informazio-fluxuaren kaptazio eta kudeaketatik abiatuta, ezagutza sortzen da, eta adimenez hornituz, berrikuntza-proiektuen garapena bizkortzen da, merkatuan azkar kontrastatzeko eta negozio-eredu bideragarria definitzeko.
Zaintzak eta adimenak erakundeen lehiakortasunean duten garrantzia ulertu ahal izateko, Oscarren bisita baliatu dugu galdera hauek egiteko:
Zer garrantzi du zaintza- eta adimen-prozesuak erakundeak lehiakorragoak izateko bidean?
SGSn uste dugu ezinbestekoa dela erakundeek beren ingurunea ahalik eta modu objektiboenean ezagutu ahal izatea, bai maila teknologikoan bai negozioaren lehiakortasunean, beren estrategia definitzerakoan erabaki egokiak hartu ahal izateko, eta, are gehiago, estrategia denboran zehar nola gauzatzen duten neurtzeko. Ezin dut ulertu nola oraindik jendeak galdetzen duen “eta honek zergatik du garrantzia?”.
Ezin gara sentsazioetatik bakarrik bizi.
Zer erakunde motari gomendatuko zenioke zaintza- eta inteligentzia-sistema bat abian jartzea?
Garrantzitsua da horrelako sistemak neurri jakin bateko erakundeetan ezartzea; adibidez, 50-100 langile baino gehiago dituzten erakundeetan, sail ezberdinak dituztenak, produktu bat baino gehiago dutena, merkataritza-sare zabalak dituztenak…
Egunean egotea, newsletter bat izatea eta joerak entzutea beti ondo badator ere, agian enpresa txiki batek epe ertain-luzeko estrategiak planteatzeko premiarik handiegirik ez dauka, eta enpresako zuzendariak izan dezakeen eguneroko sentsazioan oinarritzea nahikoa izan daiteke epe ertainera begira. Hala ere, sail eta produktu ugari dituzten tamaina jakin bateko enpresetan, erabakiak biderkatu egiten dira: produktu horien estrategiari jarraitzeko bideak, erakundearen biziraupenerako eta jasangarritasunerako beste negozio-ildoak… Horrelako enpresetan logikoagoa dirudi adimen lehiakorreko prozesuak izatea ahalbidetuko dieten sistema bat inplementatua izatea.
Horrelako dinamikak erakundeetan martxan jartzeak zer onura ditu?
Informazioa lehen eskutik lortzea, iturri ezberdinak entzutea, joerak, zure negozioa nola bideratu behar duzun, erakundearen hazkundea eta biziraupena ahalbidetuko duten epe ertain-luzeko estrategiak planteatu ahal izatea… funtsezkoa da erakundeentzat.
Baina, hortik haratago, beste alderdi batekin topo egin dugu maiz, eta beti ezkutuan geratzen den balio handi bat da, ilusioa. Hau da, oraintxe bertan zaintza teknologikoko eredu baten ezarpenean SGSn parte hartzen ari diren erakundeetako langileak ilusioz gainezka daude proiektuarekin, ulertzen dutelako eta gustokoa dutelako. Egunerokoa betetzeko erakundeari ematen dioten laguntza bat dela iruditzen zaielako.
Ziur nago horrelako dinamika bat ezartzeko pertsona egokiak aukeratzen badituzu, enplegatuaren ilusioa eta gogobetetasuna (erakundearentzat interes-talde bat ere badena), berez badela balio bat.