Maiatza 2021
IDAHO BASQUE CHALLENGE Boiseko Estatu Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta ESTIA Institute of Technologyren arteko lankidetza programa bat da eta kultura-aniztasunean eta jasangarritasunean oinarritutako inpaktu soziala lortu nahi du. Programa horren helburua inpaktu sozialeko startup-ak sortzea da, gizarte jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Horretarako, Idahoko eta Euskal Herriko ekintzaileak bildu ditu, gizarte-arazo larriei aurre egiteko irtenbideak elkarrekin sortzeko.
Idaho Basque Challenge programa Boise Startup Week-en (ekintzailearen astea) aurkeztu zen, eta Covid-19 ingurunera azkar egokitu behar izan zenez, modu birtualean egiten ari da. Prestakuntza-metodologia Oliver Russellek eta Berdintasunerako Aniztasunaren komunitateak babestu zuten.
Ekimen horren lehen edizioak FoodTech (elikagaien teknologia) eta osasunaren zaintza izan ditu ardatz. Idahoko eta Euskal Herriko ekintzaileek, gai horri heltzeko prestakuntza espezializatua jaso ondoren, kontzeptuak garatzen eta negozio-planak balioztatzen lan egin dute. Azkenik, behar handiena dutenen elikadura-segurtasuna bermatzeko eta adinekoen zein gazteen osasun mentala hobetzeko proiektuak pentsatu dituzte.
Ekintzaileek beraiek zehaztutako proiektuak aurkeztu zizkieten programako teknikariei eta laguntzaileei online jardunaldi batean, non, besteak beste, Gernikako Udalak, Leartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak parte hartu zuten.
Azaro Fundazioko eta Leartibai Garapen Agentziako ordezkariek Lea-Artibai BIOBERDEA eskualdeko estrategia aurkeztu zuten. Horren helburu nagusia eskualdeko enpresa-sarea berritzea da, enpresa berriak eta berrikuntza- eta barne-ekintzailetzako proiektuak sortuz enpresetan, lehentasunez zehaztutako sektore estrategikoetan: health, healthy-food eta wellnes. Halaber, programako parte-hartzaileei beraien proiektuak garatzen eta bizkortzen laguntzeko eskura jarriko dizkieten lankidetza-arloak eta baliabideak erakutsi zizkieten.