Iraila 2021
Circularseas proiektuaren 5. etapa bukatu da azterketa-kasuak zehaztuta eta hurrengo pausua zein izango den finkatuta: 3D diseinu eta inprimaketarako sistema integrala garatzea eta proba pilotuetan aplikatzea.
Interreg Atlantic Area programarekin batera Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bitartez finantzatutako proiektu honen helburua da hondakin plastikoak itsas industrientzako produktu jasangarrietan bilakatzea. Ekonomia berdea sustatu nahi du Atlantikoko eremuan, jarduera ekonomikoak egokitu eta dibertsifikatzeko eta ozeanoan ingurumen-inpaktua murrizteko bitarteko gisa. Helburu orokorra, beraz, itsas industrietan produktu, pieza eta osagai ekoberritzaile edo ekologikoen garapena sustatzea da, plastiko birziklatua eta 3D inprimaketa teknologia bidez sortutakoak.
Proiektuak, beste jarduera batzuen artean, bi mugarri aipagarri zituen, 5. etapa honetan amaitu direnak: batetik, portuetako hondakin plastikoaren bilketaren egoeraren eta laneko 6 nodoen portuetako jardueren diagnostikoa egitea; bestetik, azterketa-kasuak zehaztea hondakin plastiko horri 3D teknologien bidez erabilera emateko.
Ildo horretan, azterketa-kasua Corken (Irlanda) nylonezko sareak ordezko pieza bihurtzean zentratu da, hala nola kojineteak eta arrabol-gurpilak. La Rochellen (Frantzia) surf gilak bezalako kirol ekipamenduak ekoizteko asmoa dute, ostra-hazkuntzaren sektoreko plastikoez baliatuta. Vigoko nodoak itsasontzietan oinarritu du bere lana, eta 3D inprimagailu bat sartu du barruan, ordezko piezak itsasontzian biltegiratu beharrik gabe eskura izateko. Penichen (Portugal), berriz, termoplastikozko moldeetan zentratu dira eta horiek itsasoko hondakin plastikoen plastiko birziklatuetara nola egokitzen diren.
Ondarroako nodoan, non Leartiker eta Azaro Fundazioa lanean ari diren tokiko erakundeekin, baztertutako poliamida sareen zirkulua ixtea lehenetsi da, iparraldeko hegaluzea bereizten duten etiketen fabrikazioan erabiliz hondakin hori. Proiektuari, gainera, beste alderdi bat gehitu zaio, materia biodegradagarriarekin esperimentatzea proposatzen duena, ozeanoetan hondakin plastiko kutsagarriak saihesteko.
Ondarroako nodoak, gainera, 5. etapa honetan azterketa-kasuen definizioarekin lotutako nazioarteko workshopean parte hartu du, hurrengo faseko proba pilotuak garatzeko oinarri izango direnak.
Proiektua azken urtean sartzen ari da, non ahaleginak material birziklatuak garatzera bideratuko diren, baita 3D piezen diseinua eta fabrikazioa errazteko sistema integratua garatzera ere, hori guztia proba pilotuetan aplikatzeko.