Urria 2021
Berriatuan (Bizkaia) egoitza duen Kide S.Coop. enpresa aldaketa sakonak egiten ari da 2021-2022 aldirako, balio-proposamena indartzeko eta hobetzeko helburuarekin. Horretarako, lantegi guztien (Berriatua, Arrona eta Txina) ekoizpena Bizkaiko erdigunean zentralizatuko du. Eraldaketa handi horren xehetasunak ezagutzeko, elkarrizketa bat izan dugu Mario López Zuzendari Nagusiarekin.
Kide hotz ganberak, panel isolatzaileak, hozkailu ateak, hotz ekipamenduak eta lehortegiak hornitzen dituen enpresa da, merkatuan soluzio integral eta bakarra eskaintzen duena. Hainbeste tokiko lehiakide eta lehiakide multinazional dituen merkatu batean zein da beste ekoizleengandik bereizten zaituzten balioa edo balioak?
Erantzun hori funtsezko bi alderditan banatu genezake. Alde batetik, fabrikazioan dugun kalitate-estandarrari esker posizio onean gaude beste lehiakide batzuekiko, tamaina eta kokapena edozein direla ere. Nahiz eta prezioen gerra errealitate bat izan sektorean, gero eta gehiago bilatzen da kalitatezko partner bat, produktu ona izango duena eta bezeroak behar duenean modu arinean erantzungo duena. Zorionez, 40 urte baino gehiagoko konfiantza bermatzen digute gure bezeroek, eta mezu horrek indarra ematen digu gero eta profesionaltasun gutxiago duen merkatu baten.
Bestalde, gure zerbitzua. Kide fabrikatzailea baino ez dela baieztatzea enpresa gisa dugun balioaren zati handi bat kentzea litzateke. Kideren zerbitzuaren ezaugarriak hauek dira: arintasuna, bai eskaintzak sortzeko bai proiektuak kudeatzeko; oso talde espezializatua eta inplikatua; eta zerbitzu integrala emateko aukera, muntaia, logistika edo saldu ondoko zerbitzua bezalako alderdi garrantzitsuak estaliz.
Kontuan hartuta covid-19ak sortutako krisia, baita duela gutxi bizi dugun energia-krisia ere, nola eragiten dio horrek guztiak zuen sektoreari?
Sektore gehienetan bezala, Covid egoera ez zen agertoki ona izan guretzat negozio-mailan, baina, zorionez, aurrera egiten jarraitzeko eta gure estrategia indartzeko adinako jarduera-maila mantendu ahal izan genuen. Gure publiko objektiboaren dibertsifikazioa, hotzaren katearen bilakaera eta, jakina, gure taldearen lan handia funtsezkoak izan dira 2022ra indartsu iristeko.
Egungo energia-krisiari dagokionez, oso ondo dakigu arazo hori oso presente dagoela pertsonen eta enpresen bizitzan, eta ahalik eta lasterren egokitzea espero dugu. Enpresa bezala, arazo horren ondorio nagusia lehengai batzuen prezioen/epeen egonkortasun eza da, eta horrek barnean eta gure bezeroei begira dakarrena.
Energia-desoreka horri aurre egiteko neurria gure esku dagoena egitea dela argi daukagu; hau da, gure erosketa-prozesuak optimizatzen jarraitzea eta egunero gogor lan egitea gure bezeroen itxaropenak betetzeko kalitateari eta epeei dagokienez.
Bilakaera handia ari zarete bizitzen, eta zuen ekoizpen guztia Berriatuan biltzea eraldaketa handia da Kiderentzat. Zer neurritan egingo dio mesede zuen balio diferentzialari? Zer berrikuntza-estrategia jarraituko duzue?
Ekoizpena Berriatuan zentralizatzea oso mugarri garrantzitsua da Kideren historian, ez bakarrik gure instalazioetan kalitate-jauzia egiteko edo instalazio berean gure talde guztien sinergiak indartzeko aukeragatik, baizik eta, aldi berean egiten ari garen transformazio digitaleko prozesuagatik.
Balio bereizgarri gisa, jauzi horrek ekoizpen-ahalmen handiagoa, gure produktu-sorta handitzea, gure prozesu eta zerbitzu guztietan eraginkorragoak izatea eta enpresari kutsu teknologiko garrantzitsua ematea ahalbidetuko digu. Azken finean, eta bihurgune askoko urtea izango den arren, hurrengo urteetarako gure itxaropena negozioan gorantz egin ahal izatea da, Kide esentzia galdu gabe.
Proiektu handi batean sartuta zaudetela kontuan hartuta, nola ari zarete kudeatzen? Eskatu al duzue dirulaguntza programarik proiektua finantzatzeko?
Aurreikusitako inbertsioak oso garrantzitsuak dira, eta kudeaketaren zati handi bat barnetik egiten bada ere, Mondragon Korporazioaren eta Azaro Fundazioaren laguntza dugu. Azaroren laguntzarekin 3i, Bilakatu eta Leader bezalako programetara aurkeztu ahal izan gara. Dagoeneko 3i programaren onarpen ofiziala jaso dugu eta gainerakoetarako ere aukerak ditugula uste dugu.
Elkarrizketa honen bidez eskerrak eman nahi dizkiogu Azarori bere zerbitzuagatik eta profesionaltasunagatik. Bere laguntzarekin, Kideren etorkizuna gero eta hurbilago dago.
Uste duzu eraldaketa honek eskualdeko garapen ekonomikoari mesede egingo diola? Zein zentzutan?
Oso pozik gaude proiektuarekin, eta ziur gaude negozio-plan berriaren helburuak bete ahal izango ditugula eta inguruko enplegu-eragile garrantzitsuenetako bat izango garela datozen urteetan.
Kideren negozioaren hazkundeak inguruan lanpostu berriak sortzea eta hainbat alorretan aukera ugari izatea ahalbidetuko du. Izan ere, gure kulturaren zati garrantzitsu bat da kooperatiba gisa, eta izaera horri eutsi nahi diogu etapa berri honetan.