Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikorako erakunde berria aurkeztu dute Markina-Xemeinen
Otsaila 2022
Leartibai Fundazioa, Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzeko sortutako erakunde berria, aurkeztu da gaur goizean Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.
Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikorako gobernantza eredu berri honetan parte hartu duten erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak bertan izan dira beraien babesa eta konpromisoa adierazteko: Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua eta Cristina Múgica, Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko Zuzendari Nagusia; Lea-Artibai eskualdeko 12 udaletako alkateak; Luis Egurrola, Leartibai Fundazioko Lehendakaria eta Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko Zuzendaria, besteak beste.
Ibilbide berri baten abiapuntuak ematen duen ilusioa eta erronkari ekiteko gogoa izan dira nagusi denen ahotan. Bizkaiko Ahaldun nagusiak azpimarratu duen bezala, Leartibai Fundazioa eskualde garapenaren alde lan egiteko gobernantza eta inplikazio erreferente bat da. “Leartibai Fundazioa baliabideen eta erakundeen batura baino askoz gehiago da; aukerak sortzen jarraitzeko behar dugun bultzada da. Indartsu jaio den erakundea da, eskualdeko garapen ekonomikoaren ikuspegi integralarekin, eta elementu bereizgarri batekin, pertsonek duten balioa eragile eraldatzaile gisa”.
Luis Egurrolak, Leartibai Fundazioko Lehendakariak, egitasmo honen abiapuntuan begirada jarrita, izaera eta helburu anitzak dituzten erakundeen arteko oreka bermatuz sortu den elkargune hau goraipatu nahi izan du. “Alde desberdinen eta pentsamolde anitzen arteko adostasunaren eta elkarlanaren emaitza da honakoa. Indarrak batuz, sinergiak aprobetxatuz, elkar elikatuz eta elkarrekin eraginez, gehiago ez ezik, indartsuago ere bagarelako”.
Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoa azken hamarkadetan
Leartibai Fundazioko lehendakari eta Markina-Xemeingo alkateak, hamarkada batzuk atzera egin eta eskualdeko garapen ekonomikoaren alde emandako pausuak azpimarratu ditu ekitaldian. “Mende hasieran, eskualdeko erakunde publiko eta pribatuek, elkarlanean, garapen ekonomikoa bultzatzeko apustua egin genuen Leartibai Garapen Agentzia eta Azaro Fundazioaren sorrera bultzatuz. 10 urte geroago, apustua sendotzeko, Leartibai Berrikuntza Gunea eraiki zen, eskualdeko ekintzailetza, ikerketa eta berrikuntzaren gotorlekua. Eta orain, beste hamarkada baten sartuta, mugarri berri bat kokatzera gatoz”.
Leartibai Fundazioa, mugarri berria
Erakunde publiko eta pribatuen elkarlanari esker sortu den Leartibai Fundazioa epe luzerako apustu sendoa da, baina orain arte egindako lanaren jarraipena ere bada. Azken 20 urteetan Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak egin duten lanaren fruituetatik abiatuko den bide berria markatu da.
Ainhoa Arrizubietak, Leartibai Fundazioaren zuzendari nagusiak, azaldu duenez, 6 arlotan ardaztuko da erakunde berriaren jarduna:
Ekintzailetza: balio erantsi handiko jarduera ekonomikoak sustatzera, talentua sortu, erakarri eta mantentzera zuzenduta.
Industriaren lehiakortasuna: inguruko 25 enpresa industrialen lehiakortasuna hobetuko duten berrikuntza proiektuak garatuz, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri hartuta.
Merkataritza: tokian tokiko merkataritza bultzatuz, eskualdeko merkatari elkarteekin batera, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.
Turismoa: eskualdeko 40 enpresekin elkarlanean, Lea-Artibai helmuga erakargarria izateko lanean jarraituko da, eskualdeko produktu turistikoak definitu eta garatuz.
Enplegua: langabezian dauden eskualdeko herritarren laneratze-gaitasunak hobetu eta bidelagun izaten jarraituz.
Landa eremuaren garapena: Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen kudeaketaren arduraduna izango da fundazio berria, lehen sektorearen alde lan egin eta erronka berriei aurre egiteko.
Lehenengo urteko helburuez aritu da Arrizubieta, baina urrutira begirako egitasmo hau proiektuz jantzi behar dela azpimarratu du, “Lea-Artibai eskualdea Bizkaian indartsu kokatuko duten proiektuak definitzeko garaia da, txikiak gara bai, baina elkar ezagutzen dugu eta badakigu elkarrekin lan eginez urrutira iritsi gaitezkela. Lea-Artibai eskualdea Bizkaian erreferente bilakatuko duen toki garapenerako proiektuak identifikatuko ditugu”.
Lea-Artibain pisu gehien duten aipatutako sektore horien ordezkaritza bat ere izan da ekitaldiaren bigarren zatian ospatu den mahainguruan. Berrikuntza, elkarlana, erronkak, herri txikiak eta eskualdearen ekosistema bezalako gaiak izan dituzte mintzagai.
Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra izan da ekitaldiari amaiera eman diona. 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleak bertso bana bota du bai saioaren hasieran eta bai amaieran ere.
Leartibai Fundazioaren patronatua
Leartibai Fundazioaren patronatua eskualdeko garapenerako ezinbestekoak diren eragile eta erakundeek osatzen dute; hala nola, Lea Artibai Ikastetxea, Leartiker zentro teknologikoa, eskualdeko 12 udalak, Bizkaia Sortaldeko Industrialdea S.A., Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea Artibaiko Landa Garapen Alkartea eta Fundazioko langileak.