Martxoa 2022
Leartibai Fundazioa, eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzeko sortutako erakunde berria, otsailaren 3an aurkeztu zen Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.
Fundazioaren inguruko xehetasunak hobeto ezagutzeko, erakundearekin lotura zuzena duten lau pertsonen hitzak bildu ditugu elkarrizketa batean: Luis Egurrola Arakistain, Markina-Xemeingo alkatea eta Leartibai Fundazioko presidentea; Ainhoa Arrizubieta, Leartibai Fundazioko zuzendaria; Gontzal Hernando, Antsotegi hoteleko zuzendaria; eta Aitor Alberdi, Kautenik S.L. enpresako zuzendaria.
Zer urrats egin dira Leartibai Fundazioa sortzeko?
LUIS EGURROLA: 2.000. urteko lehen hamarkadaren hasieran, eskualdeko erakunde publiko eta pribatuek, elkarrekin, garapen ekonomikoa bultzatzeko apustua egin genuen, eta horretarako Leartibai Garapen Agentzia eta Azaro Fundazioaren sorrera sustatu genuen. 10 urte geroago, apustu hori sendotze aldera, Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunea egitea lortu genuen. Berrikuntza, ekintzailetza eta ikerketa eskualdeko enpresa eta herritarren eskura jarri nahi genituen, eta adostasunetik abiatuz egin genuen. Orain, ibilbide berri baten hasten gara. Leartibai Fundazioa ibilbide berri horren abiapuntua da, Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzeko sortu duguna.
Zeintzuk dira Leartibai Fundazioaren aurtengo kudeaketa-planaren lan-ildo nagusiak?
AINHOA ARRIZUBIETA: hauek dira 2022rako gure lan-ildo nagusiak: ekintzailetza, balio erantsi handiko jarduera ekonomikoak sustatzea eta talentua sortu, erakarri eta mantentzea helburu duena; industriaren lehiakortasuna, enpresa industrialen lehiakortasuna hobetuko duten berrikuntza proiektuak garatzea da gure helburua; merkataritza, tokiko merkataritza bultzatzea da gure nahia; turismoa, gure eskualdea helmuga erakargarri modura kokatzeko lanean gabiltza; enplegua, langabezian daudenei zerbitzu integral bat eskaintzeko eskualdean; eta landa eremuaren garapena, Landa Garapenerako Alkartearen erronkak gureak egingo ditugu. Sei ardatz horiekin eskualdeko herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi dugu.
Zer ekarpen egiten dio Fundazioak eskualdeko turismo-sektoreari?
GONTZAL HERNANDO: duela hiru urte eskualderako turismo plan bat lantzen hasi ginen, Bilbao Bizkaia eta Foru Aldunditik datozen planekin bat egiten duena. Horretan lanean dihardugun eragile eta erakundeok talde bat izatea lortu dugu. Talde horren ardatz nagusia beraiek dira, turismoaren sektorea aztertzen dute eta nola landu erakusten digute. Gu profesionalak gara, baina beraiengandik ikasten dugu. Horrelako erakundeei esker handiagoak bihurtzen gara, indartsuagoak.
Zein da, zure ustez, eskualde mailan Leartibai Fundazioak egin dezakeen ekarpen nagusia berrikuntza-sistema elikatzen jarraitzeko?
AITOR ALBERDI: enpresa txikia izanik, berritzeko bidelagunak edo partnerrak behar ditugu, horrek gure baliabideak kanpoko bezeroen aurrean erakusteko aukera ematen baitigu. Horri esker, gure produktuak saltzeko eta gure zerbitzuak Europan eskaintzeko gai gara gaur egun.
Gaur egun, Leartibai Fundazioak urte honetarako ezarritako ardatzak aztertzen ari gara: digitalizazioa, jasangarritasuna eta egun gure artean dugun erronkarik handienetako bat, elektromobilitatea. Hemendik aurrera horietan guztietan lan egingo dugu Leartibai Fundazioaren laguntzarekin. Beraiek gabe oso zaila izango litzateke gure marka merkatuan ezartzea.
Etorkizunari begira, zein da Leartibai Fundazioaren erronka nagusiena?
AINHOA ARRIZUBIETA: Leartibai Fundazioa aurrera begirako egitasmoa da, eta egitasmo hori proiektuekin jantzi behar da, Lea-Artibai eskualdea Bizkaian indartsu kokatuko duten proiektuak definitzeko garaia da. Denon artean, eskualdea Bizkaian erreferente bilakatuko duten toki garapeneko proiektu traktoreak identifikatu behar ditugu. Baliabideak baditugu; arrantza sektoreak, autogintza eta osagaien industriak eta turismoak oinarri sendoa eskaintzen digute elkarrekin etorkizuna lantzeko.