Apirila 2022
2003. urtean, Lea-Artibai eta Busturialdeko kooperatibek bat egitea erabaki zuten elkarlanari ekiteko asmoarekin. Horrela, Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zuten, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia Sailak kooperatiba berriak sustatzeko sortutako ekimenaren baitan.
Elkartea kooperatiben sustapena bultzatzeko eta Lea-Artibai eskualdean eta inguru hurbilean sortzen diren kooperatiba-ereduko jarduera ekonomiko berriei laguntza ekonomikoa eskaintzeko sortu zen. Hauek dira bere kideak: Lea-Artibaiko Burdinola, Kide, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate eta Laboral kutxa; eta Busturialdeko Maier.
2008an, Kooperatiben Mahaia Elkartea Leartibai Fundazioaren patronatuan sartu zen, eta ordutik eskualdearen garapen ekonomikoaren bultzatzailea da. Kooperatiba berriak sortzen laguntzeaz gain, balio kooperatiboak zabaltzen ere lan egiten du.
Halaber, ordura arte eskualdeari egindako ekarpena areagotzeko asmoz, 2017an beste urrats bat egitea erabaki zuen: eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak garatzea elkarlanean. Horren harira, 2018an, Leartibai Fundazioarekin elkarlanean Talentatu proiektua martxan jarri zuten, eskualdean talentua sortu, mantendu eta erakartzeko asmoarekin. Hasieratik, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat ikastetxek parte hartu dute proiektuan, eta 5.000 ikasle baino gehiago bildu dira antolatutako jardueretan.
Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Debabarrena eskualdeko kooperatiba sortu berriek Kooperatiben Mahaian aurkez ditzakete beraien proiektuak (betiere irizpide batzuk betetzen badituzte). Horrela, laguntza ekonomikoa jasoko dute negozioak abian jartzeko. Ekimen horretarako, gainera, eskualde bakoitzeko Garapen Agentzien laguntza eta lankidetza ere badago:
- Busturialdea: Lanbide Ekimenak Gernika-Lumo eta Bermeoaldeko Behargintza.
- Durangaldea: Durangaldeko Behargintza.
- Debabarrena: Debegesa.
Kooperatiben Mahaia Elkartearen helburu nagusia kooperatiba berriak sustatzea izan da betidanik, eta horretarako 2.000 € eta 30.000 € arteko dirulaguntza eskaintzen du hasierako inbertsioetarako, mentoring eta aholkularitza barne. Horrela, bere ibilbidea hasi zuenetik, 61 kooperatiba berri sortzen lagundu du Leartibai Fundazioarekin lankidetzan. 38 kooperatibak jaso dute mahaiaren babesa, nork dagoeneko 394.500 € banatu dituen laguntzetan.
Hainbat sektore eta jardueratako kooperatibek jaso dute laguntza. Joan den otsaileko bileran mahaiaren babesa jaso zuten 2 jarduera hauek:
- Kulturaren mundura bideratutako zerbitzuen kooperatiba.
- Produktu/zerbitzu digitalak sortzera eta aktibo digitalari buruzko aholkularitza eta kudeaketara bideratutako kooperatiba.
Kooperatiben Mahaia Elkartearen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ikusgai dago aurkezpen bideoa!