Lea-Artibaiko Lan Azoka

Eskualdeko eta inguruetako 15 enpresa eta erakundek parte hartuko dute topaketan.

Lan Azoka ekainaren 6an (astelehena), Markina-Xemeinen kokatutako Lea-Artibai Berrikuntza Gunean ospatuko da.

Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, HIBLab, Itsaskorda, Kide, Leartiker, Maier, Nemak eta Orbea enpresek stand-a jarriko dute.

Leartibai Fundazioak, Lea Artibai ikastetxearen laguntzaz, Lan Azoka antolatu du datorren ekainaren 6an, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean (Xemein Etorbidea, 12A). Goizeko 10etan hasi eta eguerdiko 13:00 arte, eskualdeko eta inguruko 15 enpresa eta erakunde, beraien stand-ekin egongo dira laneratzeko dituzten aukerak aurkeztu edota lan-poltsa ezberdinetan sartzeko aukera eskaintzeko.

Topaketa honen helburu nagusia, gazteen eta enpresen arteko harreman zuzena sustatzea da eta euren kurrikulum eguneratuak stand ezberdinetan uzteko aukera izango dute.

Burdinola Safer Labs (Amoroto), Cikautxo (Berriatua), Eika (Etxebarria), Fagor Arrasate (Etxebarria), HIBLab (Ondarroa), Itsaskorda (Berriatua), Kide (Berriatua), Leartiker (Markina-Xemein), Maier (Gernika), Nemak (Etxebarria) eta Orbea (Mallabia) enpresek parte hartuko dute Lan Azokan. Horrez gain, Lanbide (Ondarroa), Novia Salcedo Fundazioa (Bilbo) eta 42Urduliz programazio eskolak ere beraien stand-ak jarriko dituzte gazteen enplegagarritasuna hobetzeko beste bide batzuk jorratzeko aukera aztertu nahi dutenentzat.

Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, turismo eta ostalaritzan lana bilatu nahi dutenek ere, beraien kurrikulumak Leartibai Fundazioaren stand-ean uzteko aukera izango dute.

Udal gaztedi 2022-2023 Laneratu Gazte! programa

Egitasmo hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udaletxeen Udal gaztedi 2022-2023 Laneratu Gazte! programaren baitan kokatzen da. Lea-Artibaiko 16-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta eskualdeko gazteak eskualdeko enpresetan laneratzea du helburu, gazte eta enpresen arteko harremana sustatuz.